'Hormak Palestina' erakusketa ikusgarri dago Etxelilan
Urritik abendura arte egongo da Amaia Egaña Etxebarriaren 'Hormak Palestina' erakusketa Ondarroako Etxelilan.
“Ongi etorri Palestinara” , dio lehenengoko argazkiko horma irudiak, eta “Palestina askatu”, hurrengoak. Duela hamaika urteko Palestinako kaleetako pintaketak aurkitu daitezke Ondarroako Etxelilan dagoen Amaia Egaña Etxebarriaren Hormak Palestina erakusketan, “2013. urtean bidaiatu nuen Palestinara, baina duela hamaika urte horma horietan ageri ziren mezuak, gaur eguneko berdinak dira, aldarrikapenak eta testuingurua ez baitira aldatu. Palestinako egoera berdina da duela 50 urte edo gaur egun”. Erakusketaren aurkezpen panelean ere horrela dio: “Errepresioa, blokeoa, jazarpen militarra eta zatiketa dira gaur egun lurraldean nagusi diren ezaugarriak, baina Palestina hori baino geehiago da”.
Egoeraren beste ikuspuntu bat emateko ideiarekin atera zituen erakusketako argazkiak: “Beti gustatu izan zaizkit hormetako mezuak, baina kasu honetan, izan genituen bilera guztiez gain, errealitate osotasunean erakusteko modua zela iruditu zitzaidan”. Ondarroara bueltatu eta hilabete batzuetara, lehenengo aldiz jarri zuen erakusketa, herriko erakusketa aretoan, Josune Laka margolari ondarrutarraren laguntzarekin.
Leila Abu-Shams Pagèsek itzuli zizkion hormetako mezuak arabieratik gaztelaniara, eta Kattalin Arizmendiarrieta Markuerkiaga arduratu zen gaztelaniatik euskarara itzultzeaz. Egañaren esanetan, emakumeen proiektua izan zen Hormak Palestina erakusketa: “Emakumeen proiektua izan zen oso-osorik”.
Sarraskiarekin amaitzeko, zerbait eraginkorra egitearen beharrezkotasuna azpimarratu du Amaia Egañak: “Pauso sinbolikoez gain, gure aldetik ere egin dezakegu gehiago. Beharrezkoa da erakundeei erabakiak hartzeko eta Israelekin mota guztietako harremanak apurtzeko eskatzea. Horrelako pausoak emanda, txikitik, ea lortu genezakeen mugimendu guztia bultzatu, eta boikotarekin jarraitzea”.
Pintaketak. 2013. urtean bidaiatu zuen Amaia Egaña Etxebarriak Palestinara, eta kaleko hormetan idatziriko mezuek sortzen dioten miresmena eta errealitatea hurbilen islatzeko nahiak bultzatuta atera zituen argazkiak. Lurraldeko hormetan dauden mezuak askotarikoak direla dio erakusketaren hasieran dagoen panelak, eta pintaketak benetako errealitatearekin topo egiteko kanal bezala definitzen ditu: “Pintaketek ordu batzuk, egunak, hilabeteak edo urteak iraun ditzakete, baina edonola ere, mundu osoko kaleetan zabaltzen dira, moda edo kulturatik haratago doan behar pertsonal eta kolektiboiei erantzunez. Kaleko aldarrikapenek nazio baten egoera salatzen dute, eta komunikabide masiboetatik urrutzen gaituzte, benetako errealitatearekin topo egiteko. Bitartekaririk gabeko komunikabide zuzen hau edonoren esku dago, eta mudo anonimoan ingurukoekin harremanetan ajrtzen gaitu, testigantzak arlo pribatutik publikora zabalduz”.
Aldarrikatzeko, errepresio egoerak salatzeko, eta zentsurari aurre egiteko ere balio dutela dio: “Hormak beti daude prest eta eskuzabal, gure mezuak jasotzeko. Palestinarrek ongi dakite hori. Jerusalem hiritik errefusatu-esparruetaraino, palestinar gizartearentzat pintadak borroka-tresna boteretsu bilakatu dira. Zenbat eta egoera larriagoa egon, aldarrikapenen presentzia eta hedadura handitu egiten dira”. Salaketez gain, askotariko mezuak zabaltzeko balio dutela zehazten du: “Badira haien nahiak, sinesmenak, eta ospakizunak adierazten dizkigutenak ere. Hala ere, palestinar emakumeen errealitate eta parte hartze publikoa ia ikusezina iaten jarraitzen duela nabari da”.