Ondarearen transmisioa mural bihurtuta
Markina-Xemeingo Bekobenta 14 atarian ondare transmisioa irudikatzeko murala margotu du Murales Lianek. Orain arteko bere lanik onena dela deritzo, eta atzo [urriak 8] egindako inaugurazioarekin argi geratu zen auzotarrek ere, gustura ikusiko dutela egunero murala.
Horma zuri bat mural erraldoi batekin betetzeak bizitasuna dakar kaleetara, eta horixe izan da Murales Lian muralgileak Markina-Xemeinen egin duena. Kultura transmisioa oinarri, Bekobenta 14 atariko etxebizitzaren albo batean egin du Lianek bere artelana, Markina-Xemeingo Udalak hala eskatuta, eta atzo [urriak 8] elkartu ziren bertan murala inauguratzeko.
Ekitaldi xumea izan zen arren, espero baino jende gehiago elkartu zen bertan. “Plaka bat ipini genuen bezperan, muralari buruzko azalpenekin, eta hori irakurri genuen. Oso ondo joan zen ekitaldia, jende mordoa batu zen. Plakan euskaraz eta gaztelaniaz irakurri daitezke azalpenak, baina bertan dagoen QR-a eskaneatuz gero, udalaren turismo orritik frantsesez eta ingelesez ere irakurtzeko aukera ere badago”, azaldu du Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo kultura zinegotziak.
Lianek ere, harriduraz jaso zuen herritarren erantzuna: “Inaugurazioa oso ondo joan zen. Harrituta geratu nintzen joan zen jendearekin. Auzokideak gustura daude, eta ni ere bai”. Auzokideak, bertaratzeaz gain, esker ona erakuste aldera, kopautxoa ere eskaini zuten.
Auzokideak ez ezik, udaleko ordezkariak ere gustura geratu dira lanarekin: “Nabarmendu nahi dugu gure ondarea transmititzeko bidea dela hau, eta emakumeek transmisio horretan eduki duten papera goraipatu nahi izan dugula. Lianek gure asmoa oso ondo islatu du muralean”. Gainera, Lianek aitortu duenez, bere ustez orain arte egin duen lanik onena dela Markina-Xemeingoa. Hala, denen artean Lea-Artibaiko edo Bizkaiko muralen zirkuituan sartzea da euren hurrengo helburua.
Transmisioa, ardatz. Ituarte kultura zinegotziak azaldu duenez, kultura transmisioan, eta bereziki, emakumearen paperean ipini nahi izan dute fokua. Hori horrela, Lianen hitzetan, matriarka baten irudia islatzen da muralean: “Emakumea lehenego inguru horretako argazki zahar batekin buruan ipini dugu, zubi baten argazkiarekin. Zubiak lehengoaren eta gaurkoaren arteko batura erakusten du, belaunaldien arteko batura islatuz. Emakume horrek bere barnean dauka hisotira, eta kontatuz joan da, memoria transmisioaren bitartez”.
Begirada apur bat jaitsiz gero, txirikorda bat ikus daiteke: “Txirikorda nire lanetan askotan erabiltzen dudan sinboloa da; indartsu egiten gaituenaren sinboloa da. Ile solte bat oso erraza da apurtzeko, baina, asko elkartzeak indarra sortzeko du”. Era berean, koloreekin jolastuz ere, transmisio hori irudikatu nahi izan du Lianek: “Buruan margotu ditudan irudiak zuri-beltzean daude, eta txirikordaren azpikoak, koloretan. Lehengotik gaur egunerako aldaketa islatu nahi izan dugu hor”. Hala, ondarearen transmisioa egunero jasoko dute bertatik pasatzen diren denek.