Ondarroako Aringaingan taldeak ikasturteko aurkezpena egingo du
Bihar [urriak 10] egingo dute Aringaingan taldearen aurkezpena, 19:00etan, Etxelilan.
Urtero legez, aurten ere, martxa hartzeko prest dago Ondarroako Aringaingan taldea, Arantza Burgoaren gidaritzapean. Bihar [urriak 10] izango da aurkezpena, 19:00etan, Etxelilan, eta aurreratu dutenez, aurtengo erronka, emakumeen triatloian edo Ondarroako herrikoian parte hartzea izango da.
Beraien helburu eta filosofia mantenduz, herriko emakumeei animatzeko deia egin die: “Gero eta gehiago gara norbere gorputzaren eta mugimenduen kontzientzia hartuta jarduera fisikoaz gozatzen dugun emakumeok. Kalean beldur eta lotsa guztiak gainditu eta gustura jarduteko helburuarekin jarduten gara topagunean, partaideen arteko harremanak sustatuz eta elkarrekin espazio publikora irtetera bultzatuz”. Heziketa Fisikoan lizentziatuta den Arantza Burgoaren dinamizazioaren bidez, norberaren gaitasunen araberako entrenamendu pautak eskaintzen dira, “erritmo desberdinetan aurrera egiteko, horretarako, mailaren araberako taldeak osatuz”.
Urtero bezala, aurten ere, helburuak zehaztu dituzte: “Elkarrekin Lilatoia edota bestelako lasterketaren batean parte hartzea da helburua. Gainera, aurten, erronka berri bati ekingo diogu; emakumeen triatloian edo Ondarroako herrikoian parte hartzea. Animatuko al zara? “.