Erabiltzaileek ondoen baloratu duten hondartza Ogella izan da
Erabiltzaileek ondoen baloratu duten hondartza da Ogella, 9,80ko notagaz. Eta bigarren notarik onena jaso du Karraspiok (9,46). Bizkaiko hondartzen erabiltzaileek 10etik 8,36ko kalifikazio orokorra eman diete lurraldeko hareatzei.
Bizkaiko hondartzen erabiltzaileek 10etik 8,36ko notagaz baloratu dituzte lurraldeko hareatzak; hala, iazko balorazio hobetu dute, orduan hondartzeko 7,97ko nota lortu zutelako. Horiek bisitatzen dituztenen esperientzia ebaluatzeko urtero egiten dute inkesta aldundikoek, eta Ogella izan da aurten notarik onena atera duena: 9,80ko nota bikaina jarri diote. Horren atzetik geratu dira Karraspio (9,46) eta Laga (9,45).
Erabiltzaileek, era berean, puntuazio altua eman diote hareatzetako ingurumena garbitu eta kontserbatzeko zerbitzuari: 8,67 puntu. Zerbitzu honi dagokionez ere, baloraziorik onena lortu du Ogellak (9,76), baina bigarren postuan kokatu da Eako hondartza, 9,63 puntugaz. Arrigorriko zerbitzua 9,52gaz puntuatu dute.
Hondartzetako zerbitzu eta ekipamenduek ere nota hobetu dute, azken urteetako baloraziorik onena lortuz; 8,53ko notagaz baloratu dute. Zifra horrek 2022ko (8,32) eta iazko (8,09) emaitzak hobetzen ditu. Zerbitzu horien barruan bereziki nabarmendu dute erabiltzaileek dutxa zerbitzua, nota onena horri eskainiz.
Aurten, berriro ere, segurtasuna izan da erabiltzaileek gehien azpimarratu duten aldierdietako bat, 9,28ko puntuazioa lortuz. “Berretsi egin dute erabiltzaileek Bizkaiko hareatzak espazio seguruak direla”, esan dute aldundiko ordezkariek. Eta, datu horrek joera “positibo” erakusten duela gehitu dute:”2020an 8,78ko ebaluazioa jaso zuten, 2o21ean 8,92koa, 2022an 9,34koa eta iaz 9,08koa”.
Garraio ohituren aldaketa.
Azterlanetik ondorioztatu duten beste datu esanguratsu bat da hondartzetara joateko garraiobide gisa autoa gero eta gutxiago erabiltzen dela. Aurtengoan inkesta bete duten erabiltzaileen %45,4k erabili du garraiobide hori hondartzara ailegatzeko, eta iaz, %48,4koa zen datua; 2022an, berriz, %57,1ek erabili zuten. Ondorioz, nabarmendu dute gora egin duela garraiobide jasangarriagoen erabilerak: pertsonen %23,1 oinez joan da hondartzara aurten, duela bi urteko %17,3ko ehunekoa nabarmen hobetuz. Gainera, garraio publikoaren erabilera –metroa edo autobusa– %19,1era igo da, eta bizikletaren erabilera 2022ko %3,5etik aurtengo %5era.
Hondakinei dagokienez, hondartzak garbitzeko zerbitzuak 551.140 kilo hondakin bildu ditu, eta horietatik gehienak (369.240 kilo) itsasgorak itsasertzean utzitako materialetatik datoz. Beste batzuk, erabiltzaileek zakarrontzi berdeetan utzitakoak dira (135.200 kilo), eta 46.700 kilo hareatzetako sarreretan jarritako paperontzietatik jasotakoak.
Sorospen zerbitzua.
Aurtengo denboraldian, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzua 154 soroslek eta koordinazio lanak egin dituzten beste 15 pertsonak osatu dute. Eta, ohikoa denez, zerbitzuak artatutako kasu gehienak zauriekin lotuta egon dira, 1.093 hain zuzen ere.
Aurten behera egin du marmoka ziztaden kopuruak. Iaz 348 ziztada erregistratu ziren, eta aurten, 85 erregistratu dira; horietatik 29, gainera, karabela portugesak egindakoak izan dira. Era berean, 298 pertsona artatu dituzte xabiroien ziztadengandik. Gainera, sorosleek 172 erreskate egin dituzte itsasoan: 8 nekeagatik, 154 ur korronteengandik eta 10 beste arrazoi batzuengandik.
Bestalde, hondartzainen taldeak 493 gorabehera erregistratu ditu –iaz baino 25 gutxiago– eta 50 erreklamazio jaso dituzte.
Lagundutako bainu zerbitzuaren erabilerak ere, markak ezarri ditu aurten: 3.593 erabiltzaile izan ditu. Horietatik 1.608 pertsona banaka joan dira, eta beste 1.985 egoitzetao eta elkarteetako 269 taldetan banatuta.
Bainu zerbitzua erabili duten 835 pertsona aldez aurreko hitzordua eskatuta joan dira, eta horien %53k eskatu du hitzordua BizkaiUP aplikazioaren bidez.
Hondartza denboraldiari dagokionez, Bizkaian 32 egun eguzkitsu izan dira aurten, aurreko denboraldian baino 14 gutxiago. Erabiltzaileen kopuruak ere behera egin du, % 2,83 iazko datuekin alderatuta, eta guztira 1.839.101 bisitari egon dira. Jaitsiera hori gorabehera, bisitari gehien izan dituzten hondartzak Arena eta Arriatera-Atxabiribil izan dira.
Uraren batezbesteko tenperatura 20,6 gradukoa izan da, hau da, 0,3 gradu jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta. Banderei dagokionez, Isuntza izan da bandera berde gehien izan dituen hondartza, eta bere segurtasunagatik nabarmendu da Bizkaiko hondartza-denboraldiak hartzen dituen 122 egunetan.