ROALeko langileek elkarretaratzeekin jarraitzen dute
Gaur [urriak 10], lekuz aldatuz, Berriatuko futbol zelaiaren aurrean elkartu dira. Hurrengo astean elkarretaratze gehiago egingo dituzte.
Gardotza Indutrialdeko ROAL enpresako langileak elkarretaratzeekin jarraitzen dute. Gaur [urriak 10] Gardotzatik atera dira eta Berriatuko fubtol zelaiaren aurrean elkartu dira haien aldarrikapenak egiteko. Hain zuzen ere, irailaren amaieran enpresako langileen eskubideak urratuak izaten ari zirela salatu zuten.
Langileen helburua beraien lanpostua defendatu eta enpresari soldatak ordaintzea exijitzea da. Izan ere, enpresak igaro dituen lau urte gogorren ondorioak beraiek pairatzen dituztela azaldu dute; langileak “aldi baterako erregulazio bukaezinak” jasaten ari dira, eta ez dakite hurrengo egunean lanera edo langabezira joango diren. Gainera, soldatak kobratzerakoan atzerapenak izaten ari dira.
Orain arte egindako bi elkarretaratzeez gain, beste bi dituzte aurreikusita hurrengo asterako. Urriaren 14an [astelehena] Gardotzan jarri dute hitzordua, 13:30ean. Laugarren elkarretaratzea, eta momentuz iragarria duten azkena, urriaren 17rako [eguena] deitu dute, 19:00etan, Ondarroako zubi zaharrean.