Martxan dago Ondarroako Wiki Emakumeok Taldea
Urriaren 16an [eguaztena] emango diote hasiera 'Euskal Wiki-Emakumeok Ondarroan' ikastaroari, 18:00etan, Etxelilan. Izena emateko epea zabalik dago.
Euskarazko Wikipedian emakumeen biografiak sortzea da WIKIEMAKUMEOK proiektua. Oiartzun, Artea, Dima eta Durango bezalako herrien esperientziatik abiatuta, aurten, Ondarroan ere, herriko emakume zein eragileen euskarazko sarrerak osatzea izango da helburua, “emakumeek egindako lana ikusarazi, euskaraz ekoitzi eta euskarazko Wikipedia zabalduz”.
Ondarroan, ekaina inguruan hasi ziren taldea sortzen, eta Berdintasun Kontseiluan proiektua aurkeztu ondoren, begi onez ikusi zuen udalak: “Ondarrutarren inguruko 100 biografia inguru daude Wikipedian, eta horietatik %30 baino ez dira emakumeenak. Hori ikusita, proiektua Ondarroan bertan ere martxan jartzeko ideia izan genuen. Wikipedia askotan erabiltzen dugun tresna da, eta genero arrakala handia dago”, aipatu dute Ondarroako Wiki Emakumeok Taldeko kideek. Proiektua aurkezteaz batera Etxelilan honi buruzko ikastaroa antolatzeko proposamena izan zuten: “Interesa daukan edonor etorri daiteke ikastarora, baita taldera ere, ateak zabalik dauzkagu”.
Ikastaroari dagokionez, urriaren 16an [eguaztena] hasiko da, Etxelilan, eta bi ordukoa izango da, 18:00etatik 20:00etara, eta guztira hiru saio izango dira: Urriak 16 eta 30, eta azaroak 13. Oraindik, izena emateko aukera dago Etxelilan bertan, eta matrikula bost eurokoa da. Ondarroako Wiki Emakumeok Taldeko kideek ikastaroan parte hartu eta taldera batzeko deia egin dute: “Wikipediako sarrerak egiteko tresnak eta bitartekoak eskuratuko ditugu ikastaroetan, Marisa Barrena eta Maripa Garaizabal Durangoko wikilarien eskutik. Proiektu oso polita eta beharrezkoa da, eta behin pertsona edo erakunde batetako ikerketan murgilduta, oso sorpresa politak eta interesgarriak aurkitzen dira. Lan asko dago aurretik, emakume edo erakunde askoren sarrerak falta baitira, esaterako, Etxelilakoa da horietako bat. Beraz, animatu proiektu honen parte izatera”.