Museo ibiltaria egin dute Ondarroako ikastetxeetako ikasleek
Feminismoa oinarri hartuta, 'Museo Ibiltaria' antolatu du Ondarroako Hezkidetza Egitasmoak, herriko hiru ikastetxeetako ikasleekin batera.
Bihar ospatuko den IV. Aniztasunaren Besarkada Egunaren harira, Museo Ibiltaria antolatu du gaur goizean Ondarroako Hezkidetza Egitasmoak, Zaldupe Eskolako, Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Ondarroa BHIko ikastetxetako ikasleekin batera. Hiru ikastetxeetako ikasleek feminismoan oinarritutako panelak eraman dituzte Alamedara, eta bertan, bakoitzak egindako lana azaldu die beste ikasleei. Herriko emakume kirolarien biografiak, hauei kirol ibilbidean zehar jarri dizkioten oztopoak, LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko aldarriak edo sexilioari buruzko mezuak izan dira Museo Ibiltarian erdigunean egon direnak.
Bihar [zapatua], Aniztasunaren Besarkada Egunean, Euskal Herriko batukada feministen sareak girotuko ditu Ondarroako kaleak, 12:00etan hasita. 13:00etan Itsasaurren batuko dira, Ekai Lersundiren monolito aurrean, eta urteroko ekitaldia egingo dute; agurra, dantzak, Bibitxa ikuskizuna, eta nola ez, besarkada espirala. Euria egiten badu, Etxelilara lekualdatuko dute ekitaldia. Egunari amaiera emateko, Alargun Beltzak taldearen kontzertua egongo da Alde Zaharrean, 19:00etan.