Bertoko produktuen erakusleiho bilakatu da Urriko Azoka Nagusia
Gaur [urriak 12] egin dute 40. Urriko Azoka Nagusia Markina-Xemeinen. Eguraldia lagun, jendetza batu da bertoko produktuen salmenta postuetan.
Gaurkoan ere, jendetza batu da Lea- Artibaiko 40. Urriko Azoka Nagusian, izan ere, inguruko herrietatik bizilagun asko bertaratu dira, bertoko produktuez gozatzera, trikitilariek herriko txokoak girotzen zituzten bitartean. Eguraldia lagun, giro “ederra” egon da Markina-Xemeinen.Â
Goizeko 10:00etarako hasi dira salmentak, eta bertaratuek denetarik probatzeko aukera izan dute. Zelaiaz gain, herriko beste txokoak ere jendez beteta egon dira, eta nola ez, ohi legez, taloa erosteko ilarak sortu dira. 12:00etan bertsolarien txanda izan da, eta 12:30ean txikienei zuzendutako familientzako herri kirol parte hartzaileak egon dira, Zelaian.Â
Azoka Lea-Artibaiko “ekoizle, abeltzain eta gastronomiaren erakusleiho” izanik, mota guztietako 84 postu egon dira gaur Zelaian. Horrez gain, “dastatu eta erosteko” aukera ere egon da, eta 40 ekoizle inguru egon dira zuzeneko salmenta egiten. Bestalde, Zelaian bertan, artisau produktuak eta nekazaritzako tresnak ere egon dira salgai, guztira, 30 artisau inguruk jarri dute postua.Â
Horrez gain, eskualdeko abereen erakusketa egon da Bizenta Mogel parkean, eta bertan, behiak, ardiak, zaldiak, euskal oilo eta oilarrak eta euskal arrazako beste hainbat animali ere egon dira. Sariei dagokienez, 13:00etan egin dute Lea-Artibaiko abereen lehiaketako sari banaketa, eta 14:30ean, aldiz, ortuari eta fruta posturik onenen sari banaketa.
Lea-Artibaiko abereen lehiaketako irabazleak:
- Limusinak:
- Limusin behirik onena: Marcelino Egurrola.
- 12 hilabetetik gorako limusin idisko onena: Marcelino Egurrola.
- Pirenaikak:
- Pirenaika behi onena: Juan Luis Irazola.
- 12 hilabetetik gorako pirenaika idisko onena: Urko Pagoaga.
- Asturianak:
- Asturiana behi onena: Jesus Altzibar
- 12 hilabetetik gorako asturiana idisko onena: Ion Zubicaray.
- Mestizoak:Â
- Mestizo behi onena: Itziar Yurrebaso.Â
- Mestizo lote onena: Itziar Yurrebaso.Â
- Zaldiak:Â
- Zalditegirik onena: Marcelino Egurrola.Â
- Ardiak:Â
- Latxa ardi lote onena: Santiago Uzuriaga.Â
- Sasi ardi lote onena: Aitor Arostegi.
- Oiloak:
- Oilo onena: Maria Jesus Lejardi.Â
- Oilar onena: Maria Jesus Lejardi.
Erakusmahaietako sariak:
- Ortuarien Mahairik Onena: Xemeingain.
- Fruta Mahairik Onena: Igor Lete.
Aldarrikapenerako tartea. Aldarriak kaleratzeko eguna ere izan da gaurkoa zenbait eragileentzat, izan ere, bertan egon dira Aulestiko Herri txikiak bizirik! dinamika aurrera eramaten dabiltzan kideak, BI- 3448 errepidea zabaldu eta konpontzeko sinadurak batzen. Horrez gain, aulestiarren ondoan, Guggenheim Urdaibai STOP plataformako kideak egon dira, kamisetak saltzen. 13:00etan Markina-Xemeingo Ernaik elkarretarratzea deitu du Euskal Herria Antifaxista lemapean, gaurko egunari [urriak 12] erreferentzia eginez.