Besarkadak elkarbanatuz, aniztasunez bete dituzte Ondarroako kaleak
Ekai Lersundi gogoan, txalo eta barre artean ospatu dute IV. Aniztasunaren Besarkada Eguna Ondarroan.
Ekai gogoan izanik, aldarrikapen eta besarkada artean ospatu dute IV. Aniztasunaren Besarkada Eguna Ondarroan. Euskal Herriko Batukada Sarea arduratu da goiza girotzeaz, Etxelilatik Itsasaurrera arte egin duten kalejirarekin, eta bertan batu dira herritarrak, Ekai Lersundiren monolito aurrean.
Txistulariek eman diote hasiera ekitaldiari, eta bertaratu diren herritarrak borobilean jarriz, “hunkigarria bezain berezia” izan da momentua. Dantza modernoekin jarraitu dute, eta ondoren, agurra dantzatu dute Aitz eta Iratz Urkizak, monolitoari begira. Jarraian, gaztetxoek hartu dute hitza, eta aniztasuna aldarrikatuz, txalo artean eman die erantzuna publikoak. Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarriaren Bibitxa ikusikizunak jarri dio umorea ekitaldiari, ikusleen barre algarekin batera. Ohiko legez, besarkada espiralean batu dira bertaratutako guztiak, elkarri babesa emanez. Egunari amaiera emateko, Alargun Beltzak taldearen kontzertua egon da Alde Zaharrean.