'Bullet'ek antolatu, eta Zabalak irabazi
Zapatuan [urriak 12] jokatu zen Bullet Team Series Txapelketako finala Uni frontoian.
Jon Bullet Zabalak antolatutako Bullet Team Series Txapelketa bere amaierara heldu da. Eta esanez desegokia dirudien arren, Zabala antolatzailearen beraren taldeak irabazi du. Zapatuan [urriak 12] Markina-Xemeingo Uni frontoiak hartu zuen lehiaketako final handia. Aurrez aurre egon ziren markina-xemeindarraren eta Aritz Erkiaga ispastertarraren taldeak.
Emakumeek eman zioten hasiera finalari. Erkiagaren talde arrosa hasi zen agintzen finalean, Urreisti eta Argoitiak 9-12 eta 7-12 irabazi zieten Antxon eta Daneleri. Horrenbestez, emakumeen bigarren partidan Zabalaren taldeak erreakzionatu beharra zuen finala azken partidara luzatzeko. Arai eta Naroak presiopean erantzun zuten eta 12-9 eta 12-7 mendean hartu zituzten Elaia eta Maialen berriatuarrak. Azken lehian erabakiko zen Bullets Series Txapelketa, Bixente-Salegi eta Martin-Manci nor baino nor gehiago. Gorriak nagusi izan ziren markagailuan eta 12-7 eta 12-9 irabazi zuten, txapelketa Zabalaren taldearentzat izanik.