Atxondoa auzotik pasatzen zen erregebidea ezagutuko dute markina-xemeindarrek
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan ibilaldi gidatua egingo dute zapatuan [urriak 19] herritarrek. Parte hartzeko izena eman behar da urriaren 17a baino lehen.
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan Markina-Xemeingo erregebidearen zati bat ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek zapatuan [urriak 19]. 10:30ean elkartuko dira Boluko zubian, eta ordu eta erdi inguruko ibilbide bat egingo dute, Atxondoa auzoan zehar Errekalde baserri ingururaino. Begirada atzera bota, eta duela hainbat mende bide horietan gertatzen zirenaren nondik norakoak azalduko ditu Asier Aretxabaletak. Urriaren 17ra arte eman daiteke izena ibilaldian, www.uhagon.com web orrian edo 94-616 63 03 telefonora deituz.
Durangotik Markina-Xemeinera, eta handik Ondarroara doan bidea izango da ezagutuko dutena. Bide motak eta erregebidearen ibilbidea bera azalduz hasiko dira: “Nagusi ziren garraiobideak azalduko ditugu: astoak, narrak, diligentziak, gurdiak… Azken horretan ere sakonduko dugu apur bat: gurdiek zubietatik pasatzeko zituzten mugak, gure gurdien ezaugarriak…”.
Bideen konponketak zelan egiten zituzten eta bideetatik zer nolako merkantziak pasatzen ziren ere azalduko du Aretxabaletak: “Konponketak auzoka edo kofradiaka egiten ziren, eta bideetatik hainbat merkantzia pasatzen zituzten: ardoa, olioa, ikatza, burdina, arraina… Etnografia aldetik ere bidearen aberastasunaren eta bizitasunaren berri emango dut”.
Egingo duten ibilbideak, hain zuzen ere, azalpenak zatika ematea errazten du: “Boluko zubitik Errekalde baserriraino zatika ikusten da azaldu behar duguna: lehenengo benta bat ikusiko dugu, gero, adibidez, torre bat… Bide originala zelakoa zen ikusiko dugu, zati eder batean bazterretako losak mantentzen direlako”. Hala, bentetan zentratuko dira hurrena. Peru Abarca liburua hartuko dute oinarritzat, eta haren bitartez benten testuingurua azalduko du Aretxabaletak: “Markinan beste berba bat ere erabiltzen zen: ardandegia. Bide bazterretan egoten ziren, batez ere, herrigunetik kanpo. Gaua pasatzeko, jateko, edateko… tokiak ziren, eta ez prestigio handikoak. Kontatuko dudana hilda dagoen mundu bat da, existitzen ez den mundu bat”.
Bentetatik ermitetara salto egin, eta bidean ikusiko duten San Jazinto ermita aitzakiatzat hartuz, bideetako ermita motak eta bakoitzaren erabilerak azalduko ditu Aretxabaletak. Ostean, torreak ere ezagutuko dituzte, Intxauspe eta Torre Zaharra, esaterako: “Asko aldatuta egon arren, sorrerako egitura nabarmena da bietan. Oso labur, baina torreak hor egotearen zergatia, bidesariak, burdinolak… ere aipatuko ditut, bidea aditzeko ezinbesteko”.
Jarraian, erregebidearen ezaugarri zehatzagoak azaldu dituzte, besteak beste, zelakoak ziren, zenbateko zabalera zuten, zeintzuk aldaketa eman diren historian zehar eta zer nolako materialez eginda zeuden. Apur bat aurrerago, andabideen berri ere emango du: “Bide hori, erregebidea izateaz gain, andabidea ere bazen. Andabidea azaltzeko baserria bera zerk osatzen zuen azaldu behar da, eta hori ere azalduko dut”.
Ibilaldiagaz amaitzeko, bidelapurren inguruan hitz egingo dute: “Bideetan zilegi ziren aktibitate komertzialak ziren nagusi, baina, baita, zilegi ez zirenak ere. Bidea ibiltzea jarduera arriskutsua zen, eta bertan ibiltzen zirenek beldur handia zioten halakoei”. Hala, Errekalde baserriaren aurrera heltzerako, erregebidea ezagutzeagaz batera, herriko historian zehar ere, ibilaldia egingo dute.