Antxoaren gorabeherak aztergai, Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Naroa Aldarondo Aristizabal biologoak eskainiko du Zientziaren Giltzak Elkarteak astelehenerako antolatu duen saioa, 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta Naroa Aldarondo Aristizabal biologoak bideratuko du Antxoaren gorabeherak ulertu nahian hitzaldia, astelehenean [urriak 21] 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Aldarondok hamabost urte baino gehiagoko esperientzia du arrain pelagiko txikien, biologian, ekologiak, erreklutamenduan eta otolitoen analisian. Bere ikerketa gai nagusia arrain pelagiko txikien erreklutamenduaren aldakortasuna ulertzea da, batez ere antxoena. “Antxoaren populazioak gorabehera handiak izaten ditu urte batetik bestera. Izan ere, antxoak hiru urteko bizitza laburra du, heriotza-tasa altua, eta populazioa urteko erreklutamenduaren oso mendekoa da; hau da, urtero heldu izatera iristen diren antxoek osatzen dute populazioaren gehiengoa (%70-80). Horregatik, populazioaren gorabeherak ulertzeko, ezinbestekoa da antxoaren bizitzako lehen fasean (larben eta gazteen), biziraupenean, eta ondorioz, erreklutamenduan, eragiten duten prozesuak ikertzea”.
Horretarako, “arrain-larben eta gazteen hazkuntza eta mugimendu ereduak” aztertzen ditu Aldarondok. Izan ere, bere lana, “otolitoen analisian” oinarritzen da: “Otolitoen mikroegiturak eta konposizio kimikoak arrainen biologiari eta ekologiari buruzko informazio baliotsua gordetzen dute”. Azken urteetan antxoaren tamaina txikitzen ari da, eta hori, ondorio kezkagarritzat dute adituek. Beraz, honen guztiaren inguruan arituko da astelehenean Naroa Aldarondo Aristizabal.
Euskal Herriko Unibertsitatean arlo horretako doktoretza egin zuen Naroa Aldarondok 2010ean, eta gero, Saudi Arabian egon zen, King Abdullah University of Science And Technologyn. AZTI Itsas Ikerketa Saileko Ikertzailea da 2013tik, eta hogeita bat ikerketa artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, baita, Bizkaiko Golkoko antxoaren biologiarekin eta ekonomiarekin lotutakoak ere. “Arraun pelagiko txikien kudeaketarako ebaluazio eta aholkularitzarekin lotutako hainbat proiektutan ere parte hartu du”.