Antzerki taldeko talde motorra, martxan
Sei lagun elkartu dira talde motorra izateko. Hurrengo batzarra ere irekia izango da, eta urriaren 29an elkartuko dira.

Atzo [urriak 14] elkartu ziren bigarrenez Lekeition antzerki taldea sortzeko nahia duten eskualdeko biztanleak. Lekeitio Lagunkoia taldeko kideek azaldu dutenez, sei lagun agertu ziren prest talde motorra izateko, eta beraz, aurrera eroango dute taldea: “Bi lagun, gainera, Aulestitik etorri dira. Oso pozik gaude alboko herrietakoek ere interesa erakutsi dutelako”.
Hurrengo hitzordua urriaren 29an ipini dute, 18:30ean, Lekeitioko kultur etxeko Lea gelan: “Hurrengo batzarra ere irekia izango da. Interesa duten guztiak ongi etorriak izango dira, bai Lekeitiarrak eta baita inguruko herrietakoak ere”. Urriaren 29an, gainera, Nerea Gartzia ondarrutarra ere bertan egongo da, aholkuak eman eta hurrengo pausuak zeintzuk izango diren finkatzeko.