Egaña frontoia balio anitzeko gune bilakatzeko bidean
Mutrikuko Udalaren aurreikuspenen arabera azaroaren 30ean bukatuko dituzte Egaña frontoiko obrak. 875.000 euroko aurrekontua izan dute honetarako.
Martxan dago Mutrikuko Egaña frontoia estaltzeko proiektua, eta udalaren aurreikuspenen arabera, azaroaren 30ean amaituko dituzte obrak. “Frontoia estaltzearen ideia beti egon izan da herrian, eta aurreko urteetan, Egaña frontoia estaltzeko proiektu batzuk egin ostean, auzotarrekin batu ginen, proposamenak jaso eta azken proiektua hobetzeko helburuarekin”, aipatu du Aitor Itza Mutrikuko Udaleko Kirol Zinegotziak.Proiektua aurrera eramateko aurrekontua 875.000 eurokoa dela adierazi dute udal ordezkariek.
Frontoia balio anitzeko espazio bilakatzea da helburua: “Herriarentzat zabalik egongo den balio anitzeko espazio bat sortu nahi dugu. Alde batetik, Muruaitz pilotalekuko eskari handiari, eskaintza berria egin nahi diogu honekin. Horrez gain, herrian kirola egin ahal izateko espazio berria eskaini nahi dugu, ikastetxeei eta Eskola kirolari eskainia”. Bestalde, kirola praktikatzeko espazioaz gain, herritarren aisialdirako leku estalia izatea ere bada helburua, eta horrekin batera, udalak zein herriko elkarteek antolatutako kultur ekitaldietarako espazio estali egokia izatea. “Herriari eta herritarrei begirako proiektua da, eta helburua ez da soilik kirolari lotutako erabilera izatea, herritarrek erabiltzeko gune estali bat edukitzea baizik. 200 lagunentzako harmaila eraikiko dugu, eta horrek, askotariko aukerak emango dizkigu, udaletik edo herriko elkarte zein eragileek edozein kultur ekitaldi antolatzeko baita. Balio anitzeko gune bat izatea da helburua”.
Proiektuak bi fase izan ditu, lehenengoan, lurzoruko kutsadura kentzeko egin beharreko lanak eraman dituzte aurrera: “Frontoia eraiki aurretik Egaña enpresa zegoen bertan, eta lurzoruaren kalitatearen azterketa egin behar izan zen, urteetan zehar eremu hori lur industriala izan zelako. Azterketaren emaitzak ikusita, lurzoruan zegoen kutsadura garbitzeko eta inguru garbia eta segurua edukitzeko proiektua gehitu behar izan zitzaion inflour ingeniaritzak egindako obra proiektuari. Azken azterketen arabera, lur kutsatu dena kenduta dago”. Hala, lehenengo faseko lanak amaituta, bigarrenari ekin diote: “Bigarren fasea, frontoia estali eta eraikitzean oinarritzen da. Honetarako, teilatu borobildua eta beheranzkoa eraikitzen hasiko gara, eta frontoi guztia estaliko dugu. Horrez gain, frontisa, kantxa eta ezker pareta berrituko dugu, eta kantxaren inguruan harmailak jarriko ditugu, hiru mailatan. Kantxa argiztatuko dugu, eta ondoan, aldagelak eta komuna jarriko ditugu”.
Aitor Itza kirol zinegotziak herriarentzat proiektu garrantzitsua izango dela azpimarratu du, “herriko kirolarentzat eta oro har herritarrentzat obra garrantzitsua izango da Egaña frontoia estaltzearena; hainbeste urtetako asmo bat betetzea ekarriko duena”.