Aiza Gandarias eta Olatz Naberan: "Sortu berri dugun taldea ezagutaraztea da helburua"
Talde bezala hasiberriak badira ere, txikitatik izan dute harreman estua musikarekin. Gaur egun, 16 urterekin, Euskal Herriko oholtzak zeharkatzeko gogotsu daude Olatz Naberan Gartzia eta Aiza Gandarias Solabarrieta.
Gitarra goxotasunarekin astintzen du batak, eta eskuetan mikroa duela, melodiari ahotsa jartzen dio besteak. Musika maite du bikote ondarrutarrak, eta pausoka, euren bidea egiten dabiltza Olatz Naberan Gartzia eta Aiza Gandarias Solabarrieta. Euskaraz, bertoko abestiak eskaintzeko hautua egin dute.
Nondik datorkizue musikarako grina?
Olatz Naberan Gartzia: Txikitatik izan dugu harreman estua musikarekin, etxetik datorren zerbait dela esan genezake. Ni aitarekin hasi nintzen txikitan gitarra jotzen; abesti batzuk ikasi nituen. Ondoren, musika eskolan apuntatu ninduten gurasoek: 4 edo 5 urterekin hasi ginen musika tailerrean, eta 7 urterekin musika tresnak jotzen. Hasieran zalantzak izan nituen, ez nekielako zein zen jo nahi nuen tresna, baina segituan hartu nuen gitarra. Gaur egun, gitarra eta bateria jotzen ditut.
Aiza Gandarias Solabarrieta: Txikitan, etxean, gurasoek musika asko entzuten zuten, eta ni ere hortik elikatu naiz. Beti esaten nuen nagusia izatean, abeslaria izan nahi nuela. Gero, Olatz bezala, musika eskolan hasi nintzen, eta geroago, gitarra ikasi nuen.
Musika munduan, zein edo zeintzuk izan dira zuen erreferenteak?
A.G.S.: Askotariko musika entzun dut bizitzan zehar, momentuaren arabera aukeratzen baitut entzun nahi dudana. Ez daukat erreferente bakarra, asko dauzkat. Rock aldetik, Led Zeppelin taldea izan daiteke, baina Taylor Swift ere oso gogoko dut. Beraz, bi horien artean egon daitekeen guztia entzun dezaket. Baina musika mundura hurbildu nautenak nire gurasoak izan dira, zalantzarik gabe.
O.N.G.: Txikitatik gaur egunera arte musika desberdina entzun dut, garai bakoitzaren arabera. AC/DC bezalako taldeetatik hasi eta Hertzainak arte. Erreferente bat esan beharko banu, aita izango litzateke, bera izan baita musika munduan sartu eta honekin harremantzeko ateak ireki dizkidana. Aitaz gain, Fito y Los Fitipaldis taldeko Fito ere aipatuko nuke, kotxean, familia bazkarietan, etxean… beti egon da Fitoren musika presente. Horrez gain, nabarmendu nahi dugu biok txikitatik izan dugun erreferente garrantzitsu bat Yolanda Loira dela, umetatik musika eskolan gure irakasle izan dena.
“Biok Artabide kalekoak izanik, arratsalde batean bertako Plaza Gorrian gelditu ginen entseatzeko, eta ordutik aurrera, udan, batez ere, bertan egin ditugu entsegu guztiak”.
Olatz eta Aiza. Zuen izenekin osatu duzue taldearen izena.
O.N.G.: Bai. Gure buruetan egon zen izenari buelta bat emateko ideia, baina, azkenean, horrela izatea erabaki dugu.
Noiz hasi zineten publikoaren aurrean kontzertuak jotzen?
A.G.S.: Musika eskolak konboak sortzen ditu, musika tresna desberdinak jotzen dituzten adin antzekoa duten ikasleekin, herriko jai desberdinetan kontzertuak emateko, adibidez, Kamiñazpiko jaietan. Horrela hasi ginen, eta bi urte inguru ibili ginen talde horrekin biok. Olatzek gitarra jotzen zuen, eta nik, abesteaz gain, gitarra erritmikoa jotzen nuen.
Noiz eman zenuten bikote bezala oholtzara igotzeko pausoa?
O.N.G.: Ez da aspaldiko kontua. Aurtengo Martxoaren 8a antolatzen genbiltzala, kontzertu akustiko bat jartzea pentsatu genuen, eta nik hartu nuen horren ardura. Denbora tarte txikia geneukan kontzertua lotzeko, eta ni prest nengoen jotzeko, Aizari proposatu nion, baina, denbora aldetik, ezinezkoa izan zen. Beraz, bakarrik igo nintzen oholtza gainera. Egun batzuetara, Ondarroako Gaztetxean, Ernaiko aurkezpenean, kontzertua emateko proposamena jaso nuen, hurrengo asterako.
A.G.S.: Gaztetxeko kontzertuaren proposamena heldu zitzaionean, niri proposatu zidan, eta baiezkoa eman nuen. Astebetean prestatu genuen errepertorio guztia, denbora ez zegoen lekutik atera genuen. Eta hori izan zen gure lehenengo kontzertua, urtebete ere ez da pasa, baina kontzertu gehiago emateko gogoa eta motibazioa eman zizkigun.
Non entseatzen duzue?
O.N.G.: Gaztetxeko kontzerturako Ondarroako Institutuan entseatzen genuen, jolas-orduetan gela bat eskatuta, bertako gitarra narras bat hartu, eta ahal zen bezala. Musika eskolan ere eskatu genituen gelak.
A.G.S.: Biok Artabide kalekoak izanik, arratsalde batean bertako Plaza Gorrian gelditu ginen entseatzeko, eta ordutik aurrera, udan, batez ere, bertan egin ditugu entsegu guztiak. Hori izan da gure lekua. Bizilagunak leihoetara irteten ziren, egunero zeukaten kontzertua etxe azpian! Kar-kar-kar.
“Kontzertu gehiago jotzeko gogoa daukagu, eta etorkizunera begira, gustatuko litzaiguke gure abesti propioak ere ateratzea”.
Beste abesti batzuen bertsioak jotzen dituzue, normalean, euskaraz.
O.N.G.: Gazteak gara, eta gazteei gehien gustatzen zaizkigun abestiak sartzen ditugu errepertorioan. Normalean, erromerietako edo antzeko abestiak dira, beti ere, akustikoan jo daitezkeenak, horrelako abestiek giro ederra sortzen baitute. Eta, nola ez, euskarazko abestiak dira. Bertoko abestiak abesteko hautua egiten dugu, gure hizkuntzan.
A.G.S.: Gure gustuei ere begiratzen diegu, garrantzitsua baita abesten duguna seguru eta eroso abestea. Adibidez, bigarren kontzertuan, Arrantzale Egunekoan, ingelesez abestu genuen abesti bat, ilusio handia egiten zigun, eta oso polita geratu zitzaigun!
Bi kontzertu eman dituzue momentuz. Lehenengoa herriko gaztetxean, eta bigarrena, Arrantzale Egunean, Musika Plazako txosnagunean, jendez inguratuta. Zeintzuk dira izan zenituzten sentsazioak?
A.G.S.: Kontzertuak elkarrekin alderatuz, oso desberdinak izan ziren. Lehenengoa intimoagoa edo pribatuagoa izan zen, jende gutxiren aurrean, informalagoa, eta espazio itxi batean. Bigarrena, ordea, Musika Plazako oholtzan izan zen, Arrantzale Egunean, plaza jendez gainezka zegoen bitartean.
O.N.G.: Erakusleiho batean egongo bagina bezala sentitu ginen, eta beldur apur bat ematen bazuen ere, motibazio handia eman zigun. Alde batetik, gure lagun, familia eta ezagunak aurrean izateak, konfiantza eta babes handia ematen du, baina kontrara, urduritasuna ere handiagoa da, ondo egin nahi duzulako. Baina momentu oso polita izan zen, gure gurasoak ikusten genituen, hunkituta, Aizaren amona ere han zegoen, baita gure lagunak ere. Maite dugun jendea bertan, gurekin batera abesten ikustea, oso polita izan zen.
Zein da zuen asmoa hemendik aurrera?
A.G.S.: Kontzertu gehiago jotzeko gogoa daukagu, eta etorkizunera begira, gustatuko litzaiguke gure abesti propioak ere ateratzea. Baina, momentuz, sortu berri dugun taldea ezagutaraztea da helburua, kontzerturen bat lotzeko, jendeak gurekin kontatu dezan.
O.N.G.: Hori da. Aurrerago ikusiko dugu zerbait gehiago egin nahi dugun ala ez. Baina, momentuz, daukagunarekin gogotsu gaude. Beraz, norbaitek kontzerturen bat lotu behar badu, hemen gaude, oholtzara igotzeko prest!