Andrak Erramutan taldearen bizipenak, dokumental bihurtuta
Uztailean egindako itsas erronka feministaren inguruko dokumentala egin dute. Zapatuan [urriak 19] egongo da ikusteko aukera, Ondarroako Kofradia Zaharrean: goizean lau emanaldi egingo dituzte, eta arratsaldean, beste lau.
Emakumeak eta arrauna. Bi osagai horiek elkartuta sortu zuten iaz Andrak Erramutan Talde Feminista 45 urtetik gorako hainbat emakumek. Apurka-apurka, batzuen nahi eta gogoei tiraka, 37 emakumeko taldea sortu zuten, eta iazko urritik aurtengo ekainera entrenamenduetan buru-belarri aritu ostean, uztailean heldu zitzaien egun handietako bat.
Izan ere, uztailaren 6an eta 7an itsas erronka feminista egin zuten arraunlariek: bi egunetan Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsasbidea egin zuten. Erronka arraunlariek “betirako” gogoratuko duten unea izango da, eta herritarrekin elkarbanatu nahi dute eurek bi egun horietan bizi izandakoa. Horretarako, Andrak erramutan, itsas erronka feminista dokumentala sortu dute, lau gazteren laguntzagaz: Ane Urresti, Deñe Garcia-Bravo, Haizea Bedialauneta eta Mikel Balerdi.
Bi egun horietako bizipenak izan dira, beraz, sortzaile gazteek grabatu dutena. 12 minutu inguruko dokumentala da, eta zapatuan [urriak 19] edukiko dute herritarrek hura ikusteko aukera. Goizean lau emanaldi eta arratsaldean beste lau egingo dituzte, Ondarroako Kofradia Zaharrean. 12:00etan, 12:30ean, 13:00etan eta 13:30ean izango dira goizeko emanaldiak, eta 19:00etan, 19:30ean, 20:00etan eta 20:30ean aldiz, arratsaldekoak.
[UZTAILEKO ITSAS ERRONKA FEMINISTAKO ARGAZKI GALERIA]
Negarrak eta barreak, denak batu dituzte dokumentalean: “Itsaso gogorra egon zen erronka egin genuenean, baina Ondarroako sarrera zoragarria izan zen, eta herritik irtetea ere bai. Oso une hunkigarriak izan ziren. Taldeko kideok duela gutxi ikusi dugu lehenengoz dokumentala, eta denok hunkituta amaitu genuen. Oso polita izan da bizi izan duguna, eta oso oroitzapen polita geratu zaigu dokumentala ikusten”.
Etenik barik. Zapatuan [urriak 19] dokumentala ikustera joan ezin direnek, izango dute aurrerago ere ikusteko aukera: “Aurrerago Etxelilan ematea da asmoa, baina, beste formatu batean, hitzaldi moduan edo. Jendearekin dokumentala ikusi eta hitz egin nahi dugu, baina ez bakarrik dokumentalaren inguruan, baita proiektuaren inguruan ere”.
Gaineratu dutenez, badute buruan beste itsas erronka bat egiteko ideia ere: “Horrenbeste gustatu zitzaigun udakoa, taldean hain gustura ibili gara, jarraitu egin nahi dugula horretan. Hurrengoa izan daiteke Bilbo ingurura: han dago Antxustegi familiaren ontzia, eta hara joatea da ideia bat, baina oraindik ez dakigu zer egingo dugun. Gogoa badaukagu, baina orain antolatu egin behar gara berriro ere”.
Emanaldiak.
- Urriak 19, zapatua, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
- 12:00.
- 12:30.
- 13:00.
- 13:30
- 19:00.
- 19:30.
- 20:00.
- 20:30.