Bigarren eskuko azoka egingo dute Andraetxean
Zapatuan [urriak 19] eta domekan [urriak 20] errepikatuko dute beste urte batez.
Lekeitioko Mugimendu Feministak bigarren eskuko azoka egingo du zapatuan [urriak 19] eta domekan [urriak 20] Andraetxean. Zapatuan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 13:30era. Beraz, denbora badago azokara bertaratzeko, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Gaur [urriak 17] eta joan den eguenean egon dira materialak biltzen eta batez ere arropak eta liburuak egongo direla esan dute. “Jendeak nahi duen beste ekarri dezake, eta baita hartu ere. Borondatea eskatzen dugu”, azaldu dute.
Duela 3-4 urte hasi ziren antolatzen eta zehaztu dutenez, Andraetxea autofinantzatzeko modu bat dela diote. “Era berean, diru pixka bat lortzen denez, inbertitzeko erabiltzen dugu; aurten agian azokagaz bakarrik ezingo dugu”. Andraetxerako ordenagailu bat erosteko asmoa dute. Orain arte erantzun “oso ona” izan dutela gogoratu dute, azokak “arrakastatsuak” izan direla esanez. “Aurreko urteetan jendea mugitu da, eta ea aurtengoa. Lokal berrian gaudenez, ez dakigu zenbat jende etorriko den, baina berez jendea ibiltzen da eta espero dugu etortzea”.
Hain zuzen ere, helburu argiak jarraitzen dituzte, baina elkargune baten bilakatu nahi dute Andraetxea. “Helburua kontsumismoari begira gauzak bota beharrean berrerabili egin daitezkeela ikustea da. Eta erropa truke horrekin baita ere, normalean hemendik ibiltzen ez diren emakumeak etortzen dira, eta arroparen aitzakian halako topagunetxo bat bihurtzen da”.