Lekeitioko San Andres auzoko lorategia txukunduko dute auzolanean
Datorren eguaztenean [urriak 23], 17:00etan, elkartuko dira herritarrak.
Lekeitioko Lagunkoia taldeak joan den uztailean egin zituen lehenengo lanak Lekeitioko San Andres auzoko lorategian, eta orain, bigarren auzolan ekintzara bertaratzeko deia egin dute. Datorren eguaztenean [urriak 23] ipini dute horretarako hitzordua, 17:00etan, auzoko santu aurrean. Azaldu dutenez, eguazteneko ekintzarekin emango diete amaiera San Andres auzoko lanei.
Hala, belar txarrak kendu, lurra atxurtu eta ongarria botako dute bertaratzen direnek; antolatzaileek eskularruak eroateko esan dute. Era berean, partaideei janaria eroateko eskatu diete: “Amaieran partaideen artean merienda bat egin nahi dugu, bakoitzat ekarritako janariarekin. Beraz, zerbait ekarri!”.
Auzolana, oinarri. Lekeitioko Udalarekin elkarlanean antolatu dute ekintza, eta beste hainbat antolatzeko asmoa dute Lagunkoi taldeko kideek: “Aurretik San Elena ermitan ere ekitaldi bi egin ditugu. Taldeak bere eginkizunen barruan hartu du hilero auzolan ekintza bat antolatzea, eta horretarako, udaleko langileen laguntza izango dugu”.