Raquel Samitier: "'Murmur' ilustratzea ate berriak irekitzea bezala izan da"
Ane Labakak hitzez eta Raquel Samitierrek irudiz, ‘Murmur’ albuma sortu dute Peru Abarka album lehiaketan. Urriaren 24an aurkeztuko dute liburua, 19:30ean, Markina-Xemeingo udaletxean.
Peru Abarka Album Lehiaketan Itoizko urtegiaren inguruko oroitzapenak atera zituen urpetik Ane Labakak Murmur lanagaz. Joan den apirilean irabazi zuen Labakak narrazio onenaren saria, eta une berean eman zioten hasiera hura ilustratzeko lehiaketari ere. Hala, Raquel Samitier ilustratzaile iruindarrak irabazi du ilustraziorik onenaren saria. Samitierrek «proposamen garatua» aurkeztu du; ilusioz egin du lan, eta narrazioaren bere interpretazio pertsonala islatu du ilustrazioetan.
Zelan jaso zenuen ilustrazio onenaren saria irabaztea?
Proiektua egin eta lehiaketara aurkeztu nuenean, oso motibatuta nengoen, asko gustatzen zitzaidan, asko garatu nuen, eta hau aurrera atera behar zela pentsatzen nuen. Gogotsu nengoen, eta baneukan esperantza txiki bat. Eta irabazi nuela esateko deitu zidatenean, sekulako poztasuna sentitu nuen.
Eta zer sentitu zenuen Murmur irakurri zenuen lehenengo aldian?
Asko gustatu zitzaidan. Hura gertatu zen garaiarekin gogoratu nintzen. Nik orduan, 21 urte nituen, eta kanpotik bizi izan nuen; ez zen izan zuzenean eragin zidan zerbait, albistegietan ikusten nuen soilik. Baina orain, Murmur irakurrita, konturatzen naiz zelako dimentsioa izan zuen guzti horrek, eta zelako tragedia izan zen hori bizi izan zuten pertsonentzat. Sekulako tristura etorri zitzaidan.
Irakurri zenuen lehenengo aldi horretatik, zein izan da egin duzun bidea?
Irakurri ostean, irudien eskeman zirriborroak egiten hasi nintzen, baita amaierako zenbait irudi ere. Nahikoa erraz irten zitzaidan dena, ze, narrazioak aberastasun handia dauka: figura erretoriko askorekin idatzita dago. Hori irudietara pasatzea oso erraza egin zitzaidan, ia naturalki irten zitzaidan irudien eskema.
Epaileek Ane Labakaren Murmur lana aukeratu zutenean, esan zuten testuan garrantzia bera daukatela esaten denak eta esaten ez denak. Zuk zelan interpretatu duzu hori?
Aneren testua oso irekia da, eta gauza asko imajinatzeko aukera ematen du. Oso polita da alde horretatik. Horregatik, nik testuan ez dagoen zerbait irudikatu dut ilustrazioetan: Murmur izaki edo fantasma baten moduan irudikatu nuen. Niretzat beldurrak, traumak eta antzeko kontzeptuak irudikatzen dituen pertsonaia zen Murmur. Itxura apur bat antropomorfikoa dauka, apur bat humanoidea: uretatik irteten da, urtegitik. Izaki horrek protagonista akonpainatzen du bere bizitza guztian. Ideia hori sortze prozesuan otu zitzaidan, eta egin, egin behar nuela pentsatu nuen, ze, momentu horretan banuen askatasuna nahi nuena egiteko. Izan ere, lehiaketa honek ilustratzaileari lan egiteko askatasun handia ematen dio, eta bere sormen guztia aske uzteko. Nire momentua hori zela ikusi nuen, eta ideia hori garatzen ipini nintzen, nahiz eta, testuan ez agertu. Duela gutxi, gainera, interneten Murmur ipini nuen, eta deabru bat zela agertu zitzaidan; harrituta geratu nintzen, aurretik ez nekielako deabru bat zenik. Kasualitatea izan da.
Zure lanari buruz, aldiz, «koloreen indar narratzailea» erabili duzula esan dute epaileek.
Hori ere naturalki irten zitzaidan. Eskuz egindako lan bat izan zedin nahi nuen, eta ez digitala. Testua horren intimoa denez, eta lehenengo pertsonan kontatuta dagoenez, marrazteko teknika ere horrantz bideratu nahi nuen, gertutasun hori transmititu ahal izateko.
Eta, zelan lortu duzu hori?
Ikatz-ziria aukeratu nuen horretarako. Ikatz-ziriarekin marraztuz gero, ilustrazioak zuri-beltzean geratzen direnez, argazki zaharrak gogorarazi zizkidan. Hori horrela, narrazioan kontatzen dena gertaera historiko bat denez, ezin hobeto zetorkidan ikatz-ziriz marraztea. Era berean, ikatz-ziria egurragaz egiten denez, egur adar ikaztuekin, material horrek suntsitutako bizitzak gogorarazten zizkidan, eta ezin hobeto zetorrela ikusten nuen.
“Testuan ez dagoen zerbait irudikatu dut ilustrazioetan: Murmur izaki baten moduan irudikatu dut”
Koloreak ere erabili dituzu.
Bai. Zuri-beltzaren beste aldean ura zegoen, baita Murmur izakia ere. Itolarria, angustia, tristura… halako kontzeptuak kolore urdinarekin irudikatzen dira, eta horretarako ere material analogiko bat erabili nuen: tinta akrilikoa. Tinta akrilikoaren oinarria ura da, eta beraz, hori ere ezin hobeto zetorkidan. Urdinak interes puntuak indartzen lagundu dit. Bi teknikak elkarrekin nola landu ikasi behar izan dut, eta digitalki egin dut hori. Aukeratu ditudan koloreak eta teknika aukeratzeak narrazioaren lerroa jarraitzen lagundu dit, baita narrazio estiloagaz bat egiten ere.
Azala da liburu batean ikusten den lehenengo gauza, eta hor argi eta garbi ikus daitezke aipatu dituzun bi elementuak.
Bai. Esan behar dut, behin prozesua aurreratuta zegoela, Maite Gurrutxagak eta Ane Labakak asko lagundu zidatela ilustrazioak garbitzen eta gehiegizko elementuak kentzen. Azalean izakia agertu behar zen edo ez zalantza eduki genuen. Azkenean, ilustrazio luze bat egin nuen, eta azalean izakiaren eskua soilik ikusten da. Kontrazalean, aldiz, aurpegia ikusten zaio. Horrela irakurleari ere jolas egiteko aukera ematen diogu: izakia batzuetan hor dago, beste batzuetan ez…
“Lehiaketa honek ilustratzaileari lan egiteko askatasun handia ematen dio, eta bere sormen guztia aske uzteko”
Ane Labakarekin ere lan egin duzu, beraz?
Bai, bion arteko liburu bat izan behar zenez, ez zitzaidan ondo iruditzen egin nuen lana berari ez erakustea; arriskutsua iruditzen zitzaidan. Liburua argitaratuta ikustean, ez nuen nahi ezustekoa hartzerik. Hasieran, bere buruan zegoena ez zenez, apur bat harritu bazen ere, gero, gustatu zitzaion.
Bion arteko lana da, beraz, urriaren 24an Markina-Xemeinen aurkeztuko duzuena. Pozik zaude emaitzagaz?
Oso-oso gustura, eta oso pozik nago. Nik orain arte ilustratzeko eduki ditudan aukera ia denak umeentzako album ilustratuak izan dira. Hau egitea ate berriak irekitzea bezala izan da, eta hazteko aukera eman dit. Niretzat hori izan da: hazteko aukera bat. Oso pozik nago, eta asko gustatu zait zelan geratu den.