Helburu guztiak bete ditu Andraetxeko bigarren eskuko azokak
Andraetxetik ekintzaren balorazio “oso positiboa” egin dute, emakumeen topagune bilakatu dutelako.
Asteburuan 60 bat emakume hurbildu ziren Andraetxean antolatutako bigarren eskuko azokara. Antolatzaileek ekimenaren balorazio “oso positiboa” egin dute. “Erosi eta arropari bigarren bizitza emateaz gain, Andraetxeari ekonomikoki lagundu eta, batez ere, elkar ezagutzeko aukera izan dugu denok”.
Hain zuzen ere, aurretik jarritako helburu guztiak bete dituztela esan dute, batez ere Andraetxea emakumeen topagune bat izatearena. Besteak beste Irlandako eta Oñatiko emakumeen bisitak jaso dituzte eta iritziak elkarbanatu zituzten. Irlandan, adibidez, ez omen dago emakumeentzako horrelako lekurik eta Oñatin lortu berri dute. Azkenean bakoitzak bere esperientziaren berri eman zuen.
“Beste emakume batzuk esaten ziguten aintzinean ez zegoela horrelako elkargunerik eta beraien bizitzan zehar izan dituzten une gogorretan, eskertuko zutela horrelako topagune bat, elkar entzuteko eta laguntzeko”, adierazi dute.
Azkenean, arroparen aitzakian, Andraetxea zabaldu eta ezagutarazteko modu bat izan da azoka. “Azokan gauden bitartean, elkar ezagutu, gure esperientziak trukatu eta Andraetxean egiten diren aktibitateak ezagutu”. Bide batez, arropari bigarren bizitza bat eman diote eta dirua lortu dute Andraetxerako behar dituzten materialak erosteko. Aurten, esate baterako, bestelako ekintzak antolatzeko ordenagailu bat erosi nahi dute.