'Mutrikulan 2024' dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago
Ekintzailetza bultzatzeko 'Mutrikulan 2024' dirulaguntzak eskainiko ditu Mutrikuko Udalak. Urriaren 29a izango da eskaerak aurkezteko azkenengo eguna.
Ekintzailetza bultzatzen duten dirulaguntzak dira honakoak, izan ere, urriaren 14an, argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Mutrikuko Udalak ematen duen Mutrikulan 2024 dirulaguntzaren oinarri arautzaileak. Mutrikuko Udalak sustatutako egitasmoak bi lerro izango ditu; alde batetik, enpresa proiektu berrien sustapena eta, bestetik, enpleguaren sustapena. “Ekintzailetza bultzatzen duten dirulaguntzak dira, eta urtean zehar altan emandako enpresa berriak, zein herrian sortutako lanpostu berriak diruz laguntzeaz da helburua”. Urriaren 29an amaituko da eskaera egiteko epea.
“2023ko urriaren 31tik gaur arte altan eman diren negozio berriak diru lagunduko ditu; epealdi horretan herrian sortu diren lanpostu berriak ere diruz lagunduko dira”, adierazi du Mutrikuko Udalak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean daude zehaztuta dirulaguntzaren helburu zein oinarriak: “Udalerriaren egungo egoera dela eta, enpresa-dentsitate txikia duenez, beharrezkoa da enplegua sortzen duten enpresa proiektuak sustatuko dituzten programak eratzea, tokiko garapena ahalbidetzeko eta udalerriko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko. Horretarako, beren proiektuen kudeaketa erraztuko dien ingurune administratiboa jarriko da ekintzaileen eta enpresen eskura, eta udal honetako Garapen Sozioekonomikoaren Arloaren aholkularitza teknikoa izango dute, Eskualdeko Garapen Agentzia den Debesegarekin elkarlanean”.
Enpresa proiektu berrien sustapenari dagokionez, Mutrikun enpresak eratzeko enpresa ekimenei laguntzea da xedea, “Garapen Sozioekonomiko alorrak baldintzak betetzen dituzten eskari guztiak aztertuko ditu, eta hamar lan eguneko epea emango du akatsak zuzentzeko edota agiri osagarriak aurkezteko”. Dirulaguntzei dagokienez, kopurua zehazteko Ondasun Higiezin gaineko Zerga hartuko da kontuan eta hurrengo irizpideak jarraituko dituzte; 100.000 eurotik gorako inbertsioek %6ko laguntza jasoko dute, eta gehienez, 10.000 eurokoa. 50.000 euro eta 100.000 euro arteko inbertsioek, %6ko laguntza jasoko dute, eta gehienez 6.00 eurokoa. 50.000 euro baino gutxiagoko inbertsioek, %25eko laguntza jasoko dute, eta gehienez 3.00 eurokoa.
Enpleguaren sustapenari dagokionez, kalitateko enplegua sortzea da helburua, “batez ere langabeen kontratazioan, bereziki lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektibo hauetan: emakumeak, 30 urtetik beherako gazteak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak eta disfuntzionalitate fisiko edo psikiko duten edo gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak”. Dirulaguntzei dagokionez, Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emandako pertsona bakoitzeko 1.000 euroko oinarria izango da, baina kopuru hori handiagoa izan daiteke baldintza konkretuen arabera. Aurretiaz martxan dauden enpresek lanpostu berriak sortzen badituzte 500 euroko dirulaguntza jasoko dute.