X. Usotegi Eguna, herritik eta herriarentzat
Lekitto Bedarra taldeak egun guztiko egitaraua antolatu du zapaturako [urriak 26]. Tailerra, hitzaldia, jolasak eta txapelketak, denetariko ekintzak egingo dituzte, herritarrengana hurbiltzeko asmoz.
Hamar urte beteko dira aurten Lekitto Bedarra taldeak lehenengoz Usotegi Eguna ospatu zuenetik. Ordutik herritarren ortuan lanean aritu da herritar talde bat, eta zapatukoa [urriak 26] urte guztian zehar egindakoaren erakusleihoa izango da. Gogoz daude taldeko kideak eguna heldu eta herritarrengana hurbiltzeko.
Izan ere, hori da aurtengo helburu nagusia: “Urteroko formatua jarraituz, berrikuntza modura, aurten ate irekiak egingo ditugu. Datozenei bertako historia azalduko diegu, eduki duen eboluzioa guk hartu genuenetik, ze ekintza egiten ditugun gaur egun… Jendeari taldean sartzeko gonbidapena luzatu nahi diogu”. Horretarako, egun guztiko egitaraua izango dute aurretik lekeitiarrek. 10:00etan hasiko dute eguna, eta Kostabiren produktuak erosteko aukera egongo da: “Kostabik Oletan ekoizten ditu bere produktuak. Salduko ditugun produktuak sasoikoak eta KM0 izango dira”. Hala, 14:00ak arte egongo da Kostabiko produktuak erosteko aukera.
Tailer praktikoa egiteko aukera ere egongo da zapatuan. 10:30ean ekingo diete sasoiko landareak landatzen ikasteko tailerrari: “Tailer praktikoa izango da, azelga eta koliflorei buruz, esaterako. Azalduko dugu zer distantziatara landatu behar diren, zer egin behar zaien…”. Jarraian, atsedenik hartu barik, Gabino Murua gabiriarrak Neguan ortuaren prestaketa hitzaldia eskainiko du: “Murua aditua da ortuarian, eta neguko ortuan zer egin daitekeen azalduko digu”.
Bitartean, nola ez, jendeak “oso gustukoak” dituen txapelketak ere egongo dira. Alde batetik, bertan ekoitzitako kalabaza erraldoi baten pisua asmatzeko lehiaketa egongo da. Beste aldetik, saski bat prestatuko dute hainbat piperrekin, eta kopurua asmatzera lehiatuko dute. Gainera, auzolan ekintzak ere egingo dituzte, eta esaterako letxugak, brokoliak eta azak landatuko dituzte.
Hala, goizeko ekintzekin amaitzeko aitzur jaurtiketa egingo dute, aurten, gainera, berritasun batekin: “Aurten ez da izango bakarrik ea nork urrunen bota. Marka bat ipiniko dugu eta distantzia hori asmatzen duenak ere irabazi egingo du”.
Emakume nahiz gizon, aitzur jokoan ibili ostean, 30 lagun inguru elkartuko dira bazkaltzeko. Gonbidatu berezi bat ere edukiko dute, gainera: ” Aurten Natxituan dagoen Nana kolektiboko zortzi lagun ere joango dira. Berotegi bat daukate, eta hainbat ekintza antolatzen dituzte bertan, dena boluntario modura. Esperientziak partekatu nahi ditugu, eta eurekin elkarlanen bat adostu ere bai”.
Egunagaz amaitzeko, 16:00etatik aurrera umeentzako jolasak egongo dira; aurten, txorimaloa egin beharrean haize errotak egiten ikasiko dute umeek. Era berean, jolasak ere egingo dituzte, txapel jaurtiketa, esaterako.
Herritarrei deia. Gaur egun, hamar inguru dira Lekitto Bedarra taldeko partaideak, eta horietatik hiru inguruk dute astero Usotegi herritarren ortura joateko konpromisoa. Izan ere, eguenero zabaltzen dituzte ortuko ateak, 16:00etatik 18:30era. Hala, herritarrei deia luzatu diete ortura hurbiltzeko: “Ortuko lanetan aritu nahi badu, ezin hobeto, baina etor daitezke arratsalde pasa, euskara ikastera… Sozializatzeko gunea izatea nahi dugu”. Lekeitiarren nahi inguruko herritarren parte hartzea asko eskertzen dutela nabarmendu dute: “Markina-Xemeingo bat etortzen da egiten ditugun ekintza guztietara, eta hori guretzako oso baliagarria da. Ez dago zertan ekintza guztietara etorri, noizean behin ere etor daiteke jendea. Guretzako baliagarria dena da jende desberdina elkartzea, eta herri giroa sortzea”.
Egitaraua.
- 10:00-14:00. Kostabiren eskutik bertoko produktuen salmenta. KM0 eta sasoikoak.
- 10:30. Neguko landareak landatu, eta tailer praktikoa nahi duten guztientzako.
- 11:30-13:00. Gabino Muruaren hitzaldia: Neguan ortuaren prestaketa.
- 13:00. Aitzur jaurtiketa txapelketa.
- 16:00-17:00. Umeentzako jolasak: marrazkiak egin, lapikoa apurtu, txokor batzen, txorimaloa egiten…
- Goiz guztian.
- Kalabaza erraldoi baten pisua eta piper berde kaxa bateko kopurua asmatzeko txapelketak.
- Musika eta solasaldiak.
- Auzolan ekintzak: Ortuan letxugak, brokoliak, azak… landatu.