Partekatu nahi duten altxor bat da
Ondare Jardunaldien baitan, Ispasterko baserriak ezagutzeko bisita gidatuak egin zituzten asteburuan. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ere parte hartu du.
Ispaster Bizkaiko landa arkitektura tradizionalaren museo bizia da; izan ere, Bizkaiko eta Euskal Herriko baserririk zaharrenak, hobekien kontserbatuak eta estilo askotarikoenak ditu. Altxor bat dute Ispasterren, eta erakutsi nahi dute. Horretarako, Europako Ondare Jardunaldien baitan, herriko baserrietatik bisita gidatuak egin dituzte asteburuan, zapatuan eta domekan [urriak 26 eta 27].
50 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Hain zuzen ere, izen ematea itxi behar izan zuten eta jarduera bi egunetara luzatu zuten. Tartean Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan zen. Anartz Ormaza, kultur ondarean aditua den arkitektoa, eta Guillermo Ruiz de Erentxun, bideetan aditua, izan ziren kultur ibilaldien gidariak. Adin guztietako pertsonek parte hartu zuen Ispasterko Udalak antolatutako irteeran. Zapatuan batez ere eguraldia lagun izan ez bazuten ere, baserri horiek nolakoak ziren ezagutzeko aukera izan zuten, “bere gorenean zer jarduera egiten ziren eta gaur egun arte nola eboluzionatu duten ezagutzeko”.
Garbiñe Saenz de Buruaga herriko alkateak positibotzat jo du ekimenak jaso duen harrera, eta ez du baztertzen jarraipena ematea: “Lekuak oso azkar agortu ziren, eta, izena eman zuten pertsonen kopurua zela eta, taldea zatitzea eta bi jardunaldi egitea erabaki genuen. Ispaster euskal baserriaren museo bizia dela esan dezakegu, eta dugun ondare ia sekretu eta balio handikoa ezagutarazten jarraitu nahi dugu. Partekatu nahi dugun pribilegioa da”.
“Dugun ondare ia sekretu eta balio handikoa ezagutarazten jarraitu nahi dugu”
Anartz Ormaza arkitektoak, bestalde, azpimarratu du Ispasterko herriaren bilakaera historikoak ahalbidetu duela ondare hori kontserbatzea: “Ispaster lehen sektorean zentratuta mantendu den herria da, eta, horregatik, baserriek nekazaritza ustiategiak mantendu dituzte, jatorriari leial mantentzen dira. Eta arkitekturari dagokionez, ia mirariz gorde dituzte garai bakoitzeko elementurik nabarmenenak”.
Ibilbideari buruz, Guillermo Ruiz de Erentxun bide adituak adierazi duenez, lau orduko ibilbide “erraz” baten bidez, adin guztietako herritarrek “lekua, natura eta gure ondarearen zati bat ezagutu dezakete, ermitak, jauregiak edo Aixeder haize-errota barne, eta edertasun handiko ingurune batez gozatu ere”.
Ibilbideak 10 geraleku izan ditu, eta, horiei esker, taldeak euskal baserriak XV. mendearen amaieratik gaur egun arte izan duen bilakaera ezagutu ahal izan du. Erkiagabekoa baserria, Aixeder errota, Urkixa jauregi errenazentista eta Arana jauregi barrokoa izan dira, besteak beste, geltokirik nabarmenenak.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Erkiagabekoa Euskal Herriko baserririk zaharrenetakoa da. XV. mende bukaerakoa da jatorriz, eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren jatorrizko egiturari eusten dio. Itxitura horma gotiko sendoa du, eta XVIII. mendean alboko eraikin bat erantsi zitzaion. Aixeder, Bizkaian kontserbatzen den haize errota bakanetako bat, ibilbideko beste gune interesgarri bat da. 1728koa da, eta martxan jarri zen ibaiko errotak ordezkatzeko, lehortearen ondorioz martxan jartzeari utzi baitzioten.
Santiago baseliza, Goikoa baserria eta Batiz baserria dira ibilbidean bisitatutako beste eraikin berezi batzuk. Beste geltoki bat Urkixa Errenazimentuko baserri-jauregia izan da, XVIII. mendearen hasierako baserri bat, landa-jauregi bihurtua. Ibilbidea Arana landa-jauregian amaitu da, XVI. mendeko baserri gotiko bat, XVIII. mendean jauregi barroko bihurtua.