Erremateak asko balio du Jai Alain
Astelehenean [urriak 28] hasi da Winter Series Txapelketa. Erkiaga-Ibarluzea eta Urreisti-Gorka bikoteek lortu dituzte lehen garaipenak.
Hasi da. Hasi da Gernika-Lumoko Winter Series Txapelketa. Herriko Urriko Azken Astelehenean. Zortzi bikoteak bertan izan dira, aurkezpen izugarrian. Zaleek ere ez zuten hutsik egin eta Gernikako Jai Alai frontoia bete zuten. Lehen saio ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten. Hain zuzen ere, pilotalekua horretarako ezin hobea da: frontoi luzea, zuloak eragiten dituena, hau da, errematerako aproposa.
Hau da, Aritz Erkiagarentzat ezin hobea. Pantera arrosak bueltan dira, egungo txapeldunak dira. Hori bai, lehen partidan Johan Sorozabal eta Unai Lekerika mehatxu handiak ziren. Askoz hobeto hasi zuten lehia, 5-1 aurreratu ziren, pilota biziagaz min eginez. Ispastertarrari ostera ere frontoiari neurria hartzea kosta egin zaio, baina lortu duenean geldiezina izan da. Hala ere, aurretik mantendu dira aurkariak. Gernikarra oso sendo aritu da atzeko koadroetan eskumagaz min eginez. Johanek, berriz, tanto bikainak huts egiteekin uztartu ditu. Errebotearen botea neurtzeko arazoak izan ditu. 13-14 aurreratu dira arrosak, baina Johanek ausardia erakutsi du sake errematean ez barkatzeko. 14nako berdinketa. Azken tantoan Ibarluzeak bere sendotasuna baliatu du eta atzean egin du tantoa.
Markina-Xemeindarrak konfiantza hartu du tantoekin batera, eta horrek aldi berean, pilota hobeak ahalbidetu dizkio Erkiagari. Eta hori ispastertarrak ez duela askorik behar. Bigarren setaren hasieran erremate ikusgarriak eskaini ditu, 20 tanto bukatu ditu guztira. 4-0 aurreratu dira, baina Johanek eta Lekerikak ez dute amore eman, eta 8-7 joan dira atsedenaldira pilota erabat apurtu eta gero. Azken zatian nahi eta ezin aritu dira, ez zuten zulorik aurkitzen eta azkenean 10-15 irabazi du Lea-Artibaiko bikoteak. Faborito izaten jarraitzen dute.
Gaztetasunaren kontuak
Bigarren partida gaztetasunarena zen. 20 eta 23 urteko hiru puntista eta 27ko beste bat. Lotsabako eta ausart aritu dira, Alex Goitia era EƱaut Urreisti batez ere. Mutrikuarraren debuta izan da Winter Seriesen, eta zer egiteko gai den erakutsi du: errematerako abilezia handia dauka. Markina-xemeindarra ez da atzean geratu eta errematez betetako partida eskaini dute. Julen Del Riok eta Gorka Sorozabalek sendotasuna erakutsi nahi izan dute atzean. Baina aurrean zegoen partidan. Biek ala biek arazoak izan dituzte sakea kentzerakoan. Biek ala biek tantoak eta huts egiteak uztartu dituzte, gaztetasunaren seinale. 12-15 irabazi dute lehen jokoa gorriek.
Bigarrenean Del Rioren eskuma agertu da. Beste argudio bat aurkitu dute gorriei aurre egiteko. Pilotaz biziagaz dantzan jarri ditu gasteiztarrak Urreisti eta Gorka. Mutrikuarrak huts gehiago pilatu ditu, hala ere, 1-3 aurreratu dira. Orduan agertu da Del Rio. Goitiak, ordea, sakearekin ez du erregulartasunik lortu eta faltak gehitu ditu. 8-6 aurreratu dira atsedenaldian, gero 14-7, azkenean 15-9. Puntu baina ziurtatuta zuten bi bikoteek, baina gehiago nahi zuten. Azken set erabakigarrian baina, erremateek baino, hutsik ez egitea balio du gehiago, eta hori lortu zuten Urreistik eta Gorkak. 2-2 berdindu ostean 2-5 amaitu zuten lehia. Hurrengo astelehenean [azaroak 4] Olharan-Zabala eta Urrutia-Basque bikoteek neurtuko dituzte indarrak.