Julen Apella Santamariak irabazi du Augustin Zubikarai nobela bekaren saria
Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, Julen Apella Santamariaren 'Abizen berri bat' izeneko lana hautatu dute.
Abizen berri bat lanarekin Julen Apella Santamaria idazle berriztarra izan da Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela bekaren irabazlea. Aurkeztu diren ia hogei lanen artean Apellarena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta zortzi mila euroko saria irabazteaz gain, Elkar argitaletxeren eskutik nobela ere argitaratuko du idazleak, hemendik urte betera. Saria urriaren 24an [eguena] eman zitzaion, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jaialdiaren baitan.
Eleberria “gaur eta hemen” kokaturikoa da, eta “gazte batzuen harremanetan eta noraezean zentratuta” egongo da: “Jokin eta Felix lagunak dira, biak ari dira karrera amaitzen, baina oso desberdinak dira izaeraz, eta oso bestelakoak dituzte familia eta klase soziala ere, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heltzerakoan horrek dakarren guztiarekin”. Lanaren “anbizio linguistiko zein intelektuala” azpimarratu du epaimahaiak.
Euskal Ikasketetan graduatua da Julen Apella Santamaria berriztarra, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterra ere egin zuen. Postal bat desertuan poesia liburuarekin DK saria lortu zuen.
Augustin Zubikarai nobela bekaren sari banaketan Urtza Alkorta Arrizabala alkateak Ondarroako Udalak “euskal literaturaren eta sorkuntzaren aldeko apustuari” eutsiko diola azpimarratu zuen.