Lekeitioren 700 urteak ospatzeko egitarau zabala aurkeztu dute
Azaroa hastearekin batera hasiko dira ekintzak, eta ez dute etenik izango datorren urtea amaitu arte. Miren Agur Meabek egindako 'Izan Lekeitio 700' leloagaz eta Miren Pastorrek egindako logoagaz aurkeztu dute egitasmoa.
Lekeitiok ospakizunez betetako urtea du aurretik, izan ere, datorren domekan [azaroak 3] 699. urte beteko ditu Lekeitoko hiribilduak. Hala, datorren urteko azaroaren 3ra arte, hau da, Lekeitiok 700 urte betetzen dituen arte, hamaika izango dira herrian egiteko egongo diren ekintzak. Horien nondik norako guztiak azaldu zituzten zapatuan [urriak 26] Antton de la Lama Lekeitioko Udaleko kultura zinegotziak, Miren Agur Meabe idazleak eta Miren Pastor argazkilari eta kultur kudeatzaileak, Asier Txakartegi kazetariaren gidaritzapean.
Lekeitioko Udalak Izan Lekeitio 700 lelopean egingo ditu ospakizun denak: “Miren Agur Meabek egin du leloa, eta Miren Pastorrek, logoa. Pentsatzen dugu halako ospakizun batek lelo berezi bat behar duela, herritik kanpo ere Lekeitioren 700. urteurrena erlazionatzeko”. Sinplea den arren, euren ideia guztiak biltzen ditu leloak: “Nahibeste lelo pentsatu genituen. Atzetik aurrerako ibilbide guztia, eta etorkizunean etorriko dena islatuko zuen lelo bat nahi genuen, eta argiena “izan” zela ikusi genuen: izan ginelako, izan, gaur egun, garelako eta izango direlako. Apur bat arraunean bezala: atzera begira ipini aurrera joateko”.
Izan ere, antolatzaileek egitasmoa hausnarketarako tresna izan dadin nahi dute: “700 urte beteko dira Lekeitio hiribildu izendatu zutenetik, baina Lekeitiok baditu urte gehiago; badaude kobazulo batzuk duela 12.000 urtetakoak ere. Horregatik, herritarrei hausnartzeko gonbita ere egin nahi diegu: nondik gatozen, non gauden, eta batez ere, nora joan nahiko genukeen pentsatzeko. Eztabaidarako tresna izatea nahi dugu”.
Horretarako, ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea: “Herriko elkarte eta eragile desberdinei luzatu diegu parte hartzeko gonbita, eta askok euren urteko proposamenetan jada aurkeztu dituzte Lekeitioren 700. urteurrenari keinuren bat edo beste egingo dizkieten ekintzak ere”. Horiez gain, egongo dira espreski urtemugarako prestatutako ekintzak ere.
Azaroa hasteagaz batera hasiko dituzte ekintzak, eta azaroaren 3an izango da egitasmoaren hasiera ofiziala.
Webgune berria. Nahibeste ekintza antolatuko dituzte, beraz, urte betean zehar. Hala, guzti horiek toki bakar batean jasoko dituzte: lekeitio700.eus web orrian. Bertan daude, gaur gaurkoz, programatuta dituzten ekintza guztiak: “Hitzaldiak, bisita gidatuak, mahainguruak, antzerkiak, kale artea, joko interaktiko bat, argitalpen didaktiko bat… denetarik egongo da egiteko. Webgunean jada ipinita daude ekintza mordo bat, baina berritzen joango gara, ze, 365 egun hauetan oraindik ekintza batzuk sortzen ari dira”.
Hori horrela, herritarrei webgunea aldiro-aldiro begiratzeko eskatu diete: “Ekintzeta guztiez gain, sarrerak eta izen emateak ere bertatik egin ahalko dira. Gainera, egin diren ekintzen berri ere emango dugu bertan, nahi duenak kontsultatzeko”.
Azaldu dutenez, ekintza guztiek edukiko dute ezaugarri edo indargune bat, eta besteren artean, hauek izango dira ardatzak: garapenerako borondatea, sormena eta zabalkuntza, inguruaren zaintza, berdintasunaren aldeko borroka eta bizikidetzaren aldeko apustua.
Hala, azaroa hasteagaz batera hasiko dituzte ekintzak. Azaroaren 1ean eta 2an Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egingo du Lekeitio 700 egitasmoak, eta bi hitzaldi egongo dira. Azaroaren 3an, aldiz, hasiera ofiziala emango diete urte berezi honi: “Iranzun Mentxakak aurkeztuta, Lekeitio 700. urteurrenaren egitaraua, ibilbidea eta helburuak ezagutzera emango dira”. Hori horrela, aurkezpen ekitaldi zabala egingo dute 12:30ean, elizapean. Aurretik, gainera, erraldoi eta buruhandien kalejira egongo da.
2024ko egitaraua.
- Azaroak 1.
- 18:00. Sare komertzial berriak, Lekeitioren fundazioa eta horren ondorioak hitzaldia, Santo Domingo komentuan. Gaztelaniaz.
- Azaroak 2.
- 12:00. Ondareari buruzko joko interaktiboaren aurkezpena, Azkue aretoan.
- 17:00-20:00. Lekeitioko 700. urteurrena ospatzeko telazko poltsa bat diseinatzeko tailerra, Eskolape aretoan.
- 18:30. Buenaventura Zapirain lekeitiarraren musika ibilbidea hitzaldia, Musikaia Musika Eskolan. Ostean, mahaingurua eta Kilin Kala Abesbatzaren kontzertua.
- Azaroak 3.
- 11:30. Erraldoi eta buruhandien kalejira.
- 12:30. Lekeitio 700 aurkezpen ekitaldia, elizapean.
- Ondoren. Urdin eta berde artean erakusketa, elizapean.
- Azaroak 9.
- 11:00. Transit: liburutegia eta Lekeitio birpentsatuz prozesua.
- Azaroak 23.
- 12:00. Bilkura kolektiboak bizitzaren erdigunean hitzaldia Jon Zabala Arandoren eskutik, Azkue aretoan.
- Abenduak 14.
- 12:00. Lekeitioko tradiziozko kantei buruzko hitzaldia, Jabier Kaltzakorta Elortzaren eta Ibon Rodriguez Garciaren eskutik, Azkue aretoan.