"Aberasgarriak" izan dira Ondarroan egindako Bakearen eta Indarkeria Ezaren aldeko topaketak
Parte hartzea espero baino baxuagoa izan dela adierazi dute antolatzaileek, hala ere, bertan emandako hausnarketak positiboki baloratu dituzte.
Bakearen eta Indarkeria Ezaren aldeko 3. Mundu Martxaren harira, topaketak burutu ziren asteburuan Ondarroan, zapatutik [urriak 26] domekara [urriak 27] bitartean. Erakusketa aretoan egin ziren antolatutako ekimen guztiak, eta antolatzaileen arabera, espero baino jende gutxiago ibili zen arren, bertan sortu ziren elkarrizketa eta harremanak “aberasgarriak” izan ziren. “Programatutako tailer guztiak ez ziren burutu, jende kopuruarengatik. Hala ere, asteburu osoan zehar jendeak sartu irtenak egin zituen, eta bertan sortutako harremanak aberasgarriak izan ziren. Batzuekin azalekoagoak izan arren, beste batzuekin sakonagoak izan ziren”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “oso interesgarria” izan zen Nora Garmendiak emandako hitzaldia: “Garmendiak bortizkeria ezkutuaren eta instituzionalaren berri ean zuen. Besteak beste, elikadura desoreken inguruan saldu nahi diguten narratibak, arazoak diztuen pertsonek bizi duten alternatiba faltak… horrez gain, botere harremanen inguruan ere aritu zen, eta beste zenbait gai ere ukitu zituen. hauek denak gizartean txertatuta dauden bortizkeria motak bezala identifikatu zituen, eta gainera, gainontzeko partaideek eta beraien esperientzia partekatu zuten”.
Nahiz eta parte hartzea pentsa baino baxuagoa izan, topaketak antolatzeak merezi izan duela azpimarratu dute: “Antolatzaileok lan asko egin dugu dena prestatzeko, eta parte hartzea nahi baino txikiagoa ian den arren, merezi izan du, harreman berriak egin eta herrian elikatzen eta aberasten gaituzten jarduerak antolatzen jarraitzeko”.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete udal ordezkariei, “jarduera hauetan erakutsi duen harrera onagatik”, baita Yaalah Elkarteari, Eguzki Talde Ekologistari eta Palestinaren aldeko taldeari, erakusketa osatzeko “beraien ekimenen argazki eta materialak uzteagatik”. Horrez gain, parte hartzaile guztiei ere beraien esker onak luzatu nahi izan dizkiete.