Aisialdia eta aldarria biltzen dituen egitaraua
Azaroan eta abenduan, ekimenez beteriko Agenda Morea edukiko dute munitibartarrek, bertso bazkari, kontzertu, antzezlan eta elkarretaratzeekin.
Munitibartarrek eta inguruko herritarrek kultur agenda oparoa edukiko dute hala azaroan, nola abenduan. Izan ere, Agenda Morearen parte izango diren egitasmoak plazaratu dituzte. Lau ekimenek osatuta dator agenda, eta estreinakoa azaroaren 10ean izango da: emakumeen bertso bazkaria. Maite Sarasola Isazelaia bilbotarra, Enare Muniategi Etxabe arteagarra eta herriko bertsolari Lurdes Ondaro Mallea ariko dira bertsotan. Bazkaritarako sarrerak erosteko epea azaroaren 5era bitartekoa da; herriko tabernan daude salgai, bost euroren truke.
Bertso saioaz gain, azaroaren 25ean aldarri ozena egingo dute herritarrek, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean: herriko plazan bilduko dira elkarretaratzean 19:00retan. Azaroaren 29an ere, elkarretaratzea egingo dute, baina Bidegurutzean izango da, 20:15ean. Jarraian, 20:3ean, Lorea Zulaikak musika kontzertua emango du, gaztetxean. Azkenik, abenduaren 13an, ZtandaP taldeak antzerki saioa egingo du, 19:00retan hasita, udaletxeko areto nagusian. Antolatzaileek herritarrei deialdia luzatu diete, agendako egitasmoaren parte hartzera gonbidatuz.
Agenda Morea
Azaroak 10. Emakumeen bertso bazkaria.
Azaroak 25. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea.
Azaroak 29. Elkarretaratzea eta Lorea Zulaikaren kontzertua.
Abenduak 13. ZtandaP taldearen antzerki emanaldia.