Frankismoan Ondarroara etorritako etorkinei buruzko dokumentala prestatzen ari da Ondarroako Udala
Jon Maiak gidatuko du dokumentala, eta datorren urtean estreinatzea da udalaren nahia.
Jon Maiak gidatuta, frankismoan Ondarroara etorritako etorkinei buruzko dokumentala prestatzen ari da Ondarroako Udala. Maia hasita dago herritarren testigantzak jasotzen, eta dokumentala, datorren urtean estreinatzea da udalaren helburua. “Jon Maiari eskatu genion memoria historikoaren lan hau egitea. Alde batetik, gaia barne-barnetik, etxetik ezagutzen duelako eta esperientzia badaukalako halako proiektuetan, Azpeitiako Kastellanuek dokumentalarekin esaterako, eta bestalde, uste genuelako Jon Maiak profil oso egokia daukala herritik kanpo jaio ziren ondarrutar horiei guztiei behar moduko aitortza eta omenaldia egiteko”, aipatu du Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak.
1936ko gerra amaitu zenean, “krisia” eta “miseria” ziren nagusi Espainian. Ondorioz, euren etxea utzi behar izan zuten askok. “Orduan, bizimodua aurrera ateratzeko, emigratu egin behar izan zuten, eta aukera legez, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Helburuko herrietako bat izan zen Ondarroa, batez ere arrantza portu garrantzitsua izateak eta horren inguruko jarduera ekonomiko guztiek (portuko lanak, tailerrak, kontserba industria, garraioa…) bultzatuta, bizitza duin bat izateko aukera baten bila”.
“Zor bat geneukala uste genuen, aitortza egin beharra eta eskerrak eman beharra”.
“Euskal Herria beti izan da harrera herria. Eta euskaldunok herri etorkina izan garen moduan, gurean ere beti hartu izan ditugu beste herri batzuetatik etorritakoak. Jatorriz anitza da Ondarroa, eta duea urte askotatik gainera”, azaldu du Ondarroako Udalak.
Aitortzeko beharra. Ondarroako herriak “zor bat” zeukala uste zuen, baita aitortzaren beharra ere, eta abiapuntu horretatik sortu zen proiektua: “Zor bat geneukala uste genuen, aitortza egin beharra eta eskerrak eman beharra”. Etorkin gehienak Galiziatik etorri zirela adierazi du udalak, baina baita, espainiar estatuko lurraldeetatik ere: Asturias, Extremadura, Andaluzia edo Gaztela-Leon. “Dokumental honetan herri guzti hauetako etorkinei ahotsa eman eta Ondarroara nola etorri ziren, herrian zelan hartu genituen eta gaur eguneraino bizitza Ondarroan zelan egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda”. Ondarroara etorritakoen errelatoa txertatzearen beharrezkotasuna azpimarratu du Jon Maiak “herriko errelatoan etorkin hauen errelatoa txertatzeko garaia heldu da”.