XVI. Lekitto Bixirik herri krosak Lekeitioko kaleak astinduko ditu barikuan
Ume nahiz nagusi herritar denek parte hartu ahalko dute lasterketan. Izena ematea zabalik egongo da egun berera arte. Esan dutenez, aurtengo oparia berezia izango da.
Amandarri Triatloi Taldeko kideak prest daude jada XVI. Lekitto Bixirik herri krosa heltzeko. Ohitura duten legez, barikuan [azaroak 1] izango dira lasterketa guztiak. Izen ematea, gainera, zabalik egongo da lasterketa hasi baino 30 minutu lehenagora arte: www.herrikrosa.eus web orriaren bitartez egin ahalko da, 10 euroren truke. Hala ere, izena ematen duten lehenengo 200 helduek (13 urtetik gorako denek) lasterketako oparia ziurtatuta izango dute. Dortsala irteeran jaso ahalko da, 10:30etik 11:45era.
Lau multzotan banatu dute lasterketa. 11:00etan Haur Hezkuntzakoen txanda da; 300 metro egingo dituzte korrika, portuan zehar. Jarraian, 11:15ean, Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3. mailakoak irtengo dira, eta 500 metro egingo dituzte toki berean. Atzetik, 11:30ean, Lehen Hezkuntzkao gainontzekoen txanda izango da; horiek 800 metro egingo dituzte korrika. DBH 1etik aurrerako denak, aldiz, 12:00etan irtengo dira, eta 5,5 kilometroko ibilbidea egingo dute.
Aurtengoa, gainera, berezia izango da. Opari gisa kamiseta bat emango dute, baina, Lekeitioren 700. urteurreneko ospakizunetara egokitutakoa: “Aurtengo kamisetak urte berezi batean gaudela gogoraraziko digu. Aprobetxatu dezagun inoiz baino ozenago aldarrikatzeko 699 urteeta gero Lekitto bixirik nahi dugula, udan zein neguan! Ez garela bigarren mailako herria, eta kalitatezko zerbitzuak merezi ditugula. Gora Lekitto Bixirik!”.