Euskara berpizteko helburuagaz
Euskararen ezagutza gorantz doan bitartean, erabileraren datuek ez diote berdina. Kezka piztu du horrek hainbat euskal herriren artean, eta horien artean, baita Lekeition ere. Arazoari aurre egiteko Dzast Euskara Taldea sortu dute hainbat lekeitiarrek, eta, helburuak finkatuta, lanean ari dira jada.
Globalizazio garaian bete-betean sartuta daude munduko txoko guztiak. Kultura handiek txikienak jaten dituzten moduan, hizkuntza handienek txikienak jaten dituzte. Horixe da euskararen kasua ere. Ezagutza gora badoa ere, erabileraren datuek beheranzko joera dute Euskal Herriko hainbat tokitan, eta hori da Lekeitioren kasua.
Izan ere, duela 25 urte inguruko datuen arabera, %80koa zen euskararen erabilera Lekeitioko kaleetan; orain, aldiz, %66 ingurukoa da. Horren aurrean, lekeitiar batzuek aktibatzeko beharra nabaritu, eta Dzast Euskara Taldea sortu dute.
Dzast taldea hamabost kide inguruk osatzen dute eta horietako hiru dira Sonia Gonzalez, Beatriz Iturraspe eta Iker Ajuria. Aurretik Lekeition euskara taldeak egon izan diren arren, Dzast talde hasi berria da: “Iaz saiatu ginen taldea berriro ere bultzatzen. Sumatzen dugu euskararen erabilera eta kalitatea galtzen doazela Lekeition, eta kezka hori daukagunok deialdi bat zabaldu genuen, nahi zuenak parte hartzeko”.
Hala, helburu batekin jaio zen Dzast: Lekeitio “berriro eta benetan” herri euskalduna izatea. “Euskararen ezagupenaren datuei erreparatzen badiegu, agian, ez dirudi arazo handirik daukagunik. Baina, erabileraren datuak hortxe daude, eta benetan dira kezkagarriak”, ohartarazi dute. Euren ustez, “destentsionamendua” gertatzen ari da: “Gehien nabaritzen duguna da tentsio edo kontzientzia hori jaitsi egin dela. Orain ez dugu pentsatzen zein hizkuntza ari garen erabiltzen, eta, euskaraz egitea erabaki bat da. Euskararen erabilera beste hizkuntzaren baten datuekin alderatuz gero, agian, ez dira datu katastrofikoak, baina destentsionamendua hor dago”.
Argi dute euren helburua betetzeko herritarren kontzientziak piztu behar dituztela: “Egunerokotasunean kontzientzia piztuta izatea garrantzitsua da. Kontua ez da gaztelaniaz ez egitea, baina, behintzat egiten duzunean, kontziente izatea zein izan den egin duzun aukeraketa, eta zergatik”.
Horretarako, gaineratu dutenez, errealitatearen jakitun izan behar dira herritarrak: “Jakin egin behar dugu zer ondorio ekar ditzakeen euskaraz ez egiteak. Gaur egun euskararen erabilera %66 ingurukoa da Lekeition. %60tik beherako erabilera egotera helduko balitz, hurrengo belaunaldia galzorian ipiniko litzateke, ezingo litzateke ziurtatu euskaraz egitea”.
“Erabilera %60tik jaitsiko balitz, ezingo litzateke ziurtatu hurrengo belaunaldiek euskaraz egitea”
Erronka. Hala, hainbat ekintza dituzte esku artean: “Lekeitio oraintxe hasiko da 700. urteurreneko ospakizunekin, eta herriko talde askok parte hartuko dute. Ospakizun horien baitan, euskara ere badago. Horri tiraka, besteak beste, euskaraz egiteko dinamikak eta taldeekin hitzartzeak egingo dira, euskaraz egiteko konpromisoa hartu dezaten”. Horren harira, herritarrei hausnartzeko hainbat galdera bota dizkiete: “Lekeitiok 700 urte beteko ditu, eta, zer nolako Lekeitio nahi duzu? Zer egingo duzu urteurrena ospatzeko? Lekeitioren ezaugarri nagusietako bat hizkuntza da, ez irla, ez portua. Hori mantendu nahi duzu edo etsi egingo gara?”.
Epe laburreko ekintzez gain, badute helburu handi bat ere: 2030. urterako, 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Lekeitio euskaldunena izatea. Jakitun dira helburu zaila dela, baina gogoz eta ilusioz daude horretan lan egiteko: “Erronka hau, nolabait esateko, halako aterki handi baten modukoa izango da. Hainbat kontu daude lantzeko eta hobetzeko, eta apurka-apurka horiei ekiten joango gara, apurka-apurka euskararen erabilera suspertzen eta altxatzen joateko, apurka-apurka datuetan gora joateko”.
“Gehien nabaritzen duguna da kontzientzia jaitsi egin dela. Orain ez dugu pentsatzen zein hizkuntzatan ari garen”
Gaur gaurkoz, fokua euskaldunengan ipini gura dute: “Guk euskaraz dakitenengana heldu nahi dugu oraingoz, jakin bai, baina erabiltzen ez duenarengana. Hizkuntza aukeraketa kontzienteki egin dezaten nahi dugu. Nahi duzu Lekeitio euskara bako herria izatea? Euskaraz egin ahal dudan guztietan euskaraz egitea izan behar da hautua, eta horrek, agian, eroango gaitu euskaldunak ez direnak euskalduntzera. Baina, %90 euskalduna den herri batean, fokua euskaraz dakitenengan ipini behar dugu”.
Horretarako, nola ez, behar-beharrezkoa izango dute herritar askoren babes eta inplikazioa. Hori horrela, lekeitiarrak taldearen parte izatera gonbidatu dituzte: “Dzast Euskara Taldeko ateak zabalik daude bertan parte hartzeko, kanpainetan inplikatzeko edo, besterik gabe, ekarpenak egiteko. Norbere nahien eta ahalmenaren arabera”. Eurekin kontaktatzeko lekittoneuskaraz@gmail.com helbide elektronikoa eta @dzasteuskaraz Instagram kontua ahalbidetu dituzte.