Kaleetatik bizitzetan eragiten
Lea-Artibai Mankomunitateko kale hezitzaileak dira Nerea Larrinaga Santxez eta Iraia Fernandez Sanchez. Argi dute gazte eta nerabeek erantzunak behar dituztela, eta bide horretan laguntzeko asmoz egiten dute lan.
Gero eta azkarrago doa mundua, gero eta azkarrago doa gizartea. Duela urte batzuk ezin zitekeen imaginatu ere egin gaur egungo bizitza halakoa izango zenik. Mila ate berri ireki, eta beste hainbat ate betirako itxi dira, eta gaur egungo gazte eta nerabeek gertu-gertutik bizi izan dituzte aldaketa horiek, gertu-gertutik bizi izan dute munduaren abiadura aldaketa.
Zalantzak dituzte, kezkak, galderak. Eta, ahal duten heinean, bidea argitzen laguntzen diete kale hezitzaileek. Horretan aritzen dira Nerea Larrinaga Santxez eta Iraia Fernandez Sanchez, Lea-Artibai Mankomunitatean. Erakunde horretako herri guztietan eragiten dute bi hezitzaileek, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik hasi eta Lanbide Heziketara arte. Helburu nagusi bategaz aritzen dira gazteekin hartu-emanean: eurentzako erreferenteak izatea. “Eurek dituzten kezka eta zalantza denetarako gugaz kontatzea da helburua. Horretarako, guretzat oso garrantzitsua da sare lana, bai ikastetxeekin, baita eskualdeko errekurtso denekin ere”.
Aurtengo ikasturteko planagaz ere martxan daude jada. Azaldu dutenez, azken urtean bi aldaketa garrantzitsu egin dituzte: “Orain arte DBH 1etik hasi izan gara saioak eskaintzen, baina iaz ikasturte bat aurreratzea erabaki genuen, ze, gauzak askoz arinago ematen direla ikusi dugu”. Gaineratu dutenez, beste zerbitzu bat ere txertatu dute, Konfiantzazko Txokoa deitzen dena: “Hausnarketa zerbitzua beti egon da, baina iaz ikastetxeen eskariari erantzunez, Konfiantzazko Txokoa zerbitzua txertatzea erabaki genuen; gazte batek kaleratzeko arriskua duenean, gu sartzen gara eurekin hiru eta bost saio artean egitera, eta eurekin arazoari edo gai horri buruz hausnartzera”.
“Kalamuaren kontsumoa oo-oso normalizatuta dago, eta askotan gazteak ez dira kontziente utzi ditzakeen ondorioekin. Kontsumitzen, gainera, arintxoago hasten dira”.
Naturaltasuna, oinarri. Askotariko gaiak lantzen dituzte gaztetxoekin, denak ere, naturaltasunean oinarrituta: “Guk ez dugu sekula debekutik lan egiten, baizik eta orientabidetik”. Hala, gazteei interesa pizten dieten hiru gai izar nabarmendu dituzte: osasun mentala, drogak eta mugikorraren erabilera. Mugikorrari dagokionez, oso-oso abian dagoela ikusten dute: “Sare sozialek euren autoestimuan eragina dutela ikusten dugu; presioa sentitzen dute bizitza perfektu horiek bezalakoa edukitzeko, eta hori era guztietara islatzen da: gorputzean, buruan, alderdi emozionalean… Behar dute entzutea hori ez dela benetakoa, horrekin lasaitu egiten dira”.
Osasun mentalari dagokionez, aldiz, gazteak “oso arduratuta” daudela nabaritzen dute: “Erantzunak behar dituzte. Gero eta antsietate eta depresio handiagoak ikusten dira gazteengan. Beti egon den zerbait da, baina gaur egun, ikusgarri ere egiten da. Informazioa falta zaiela ikusten dugu. Eurek lantzeko eskatzen dizkiguten gaiak dira, bai osasun mentalarena, bai drogena, bai mugikorrarena”.
Dena azkarrago doan munduan, drogak kontsumitzen ere azkarrago hasten dira. Kalamuaren kontsumoari dagokionez, esaterako, ardura erakutsi dute bi hezitzaileek: “Oso-oso normalizatuta dago, eta askotan gazteak ez dira kontziente utzi ditzakeen ondorioekin. Kontsumitzen, gainera, arintxoago hasten dira. Droga mota asko ukitzen dituzte, eta gero eta arinago”. Horri aurre egiteko, Ai Laket erakundeagaz egiten dute lan: “Besteak beste, drogen inguruko informazioa eta higiene pautak ematen dituzte. Hiru saio dira, eta kuadrilla desberdinekin egiten dituzte saioak. Iaz, esaterako, eskualdeko bi kuadrillekin egin zituzten saioak, kontsumo handiak eta zalantzak dituztela ikusi genuelako. Aurten ere badugu asmoa beste kuadrilla batzuei zerbitzua eskaintzeko”.
“Gu gizarte zerbitzuetako amua gara. Badaude euren kabuz gizarte zerbitzuetara heltzen ausartzen ez direnak, baina gure bitartez bai”.
Zubi lana. Hain zuzen ere, ikastetxeetan egiten dituzten saio horien bitartez, kalean eurengana heltzea da helburua: “Euren erreferenteak bihurtzea da helburua, eurekin harremana eta lotura sortuz. Tailerrak eta saioak aitzakia dira eurengana kalean heltzeko. Zubi lana da ikastetxeekin egiten duguna, baina amaieran, kalean egoten gara, espazio informal eta natural batean”.
Horretarako, gertutasuna transmititzea oinarrizkoa da hezitzaileentzat: “Eurekin egotea da konfiantza lortzeko bidea. Eurak palan ari badira, eurekin palan ibiliko gara. Eurak pipak jaten ari badira, ba, gu ere bai. Euren alboan egotea da bidea, konfiantzatik eta naturaltasunetik”. Eta, batzuetan konfiantza lortzeko bide hori luzea izaten da: “LH 6. mailan hasten gara jolas kooperatiboekin. Gela batera sartzen garenean, betaurreko bereziak ditugu, hezitzaileenak. Hor hasten gara behatzen eta gauzak identifikatzen. Behar dutenei jarraipena egiten diegu, eta, agian, DBH 2.mailara arte ez dira ausartzen guri ezer esatera”. Hala ere, bide batetik edo bestetik, askok eta askok eskatzen diete laguntza eurei: “Gu gizarte zerbitzuetako amua gara. Badaude euren kabuz gizarte zerbitzuetara heltzen ausartzen ez direnak, baina gure bitartez bai”.
Taldeka nahiz banaka, ikastetxean zein kalean, erraz lortu daiteke Lea-Artibaiko bi kale hezitzaileengana heltzea. Hala ere, kontaktua are gehiago errazteko asmoz, beste hainbat bide dituzte, besteak beste: 688 76 80 33 eta 747 40 81 04 telefono zenbakiak, kalehezitzailea@agintzari.eus helbide elektronikoa eta @kale_hezitzaile Instagram kontua.