Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berriaren balorazio "oso positiboa" egin du
Herritarrek erakutsitako konfidantza eta jarrera goraipatu dituzte. Galdetegian espero baino erantzun gehiago jaso dituzte: 2300 herritar ingururen erantzunak jaso dituzte.
Ekainaren 15etik eta irailaren 15era arte egon zen martxan Lekeitioko aparkaleku sistema berria. Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema martxan ipintzeko bidean hainbat oztopo izan baditu ere, denen artean “arrakastaz” aurrera ateratzea lortu dutela adierazi dute gaur [urriak 31]: “Txapela kentzeko modukoa da aparkalekuen inguruan azken hilabeteetan sortu den eztabaidaren aurrean herritarrk erakutsitako jarrera. Gaur, uda pasata eta 2300 herritar ingururen ekarpenak eskuetan ditugula, aparkaleku sistema berri honen balorazio oso positiboa egiteko moduan gaude”.
Lekeition hobeto bizi ahal izateko ipini zuten sistema berria martxan. Arazoari irtenbidea emateko bidean, “herritarrek emandako konfidantza eta erakutsitako jarrera arduratsua” goraipatu dituzte udal ordezkariek. Aparkalekuei lotuta erabilerak aztertu dituzte, eta datorren urtera begira hobetu daitezkeenak ere identifikatu dituzte. Hobetzekoak dituzten arren, azpimarratu egin nahi izan dute balorazio orokorra positiboa izan dela: “Argi geratu da aparkaleku sistema berri honekin herritarren bizi-kalitatean aurrarapausu txikitxo bat, behintza, eman dela”.
Errotazio gehiago egotea zen sistemaren helburuetako bat, eta helburua lortu dute.
Udalak bere balorazio propioa egin duen arren, herritarren iritziak ere jaso nahi izan dituzte. Horretarako, galdetegi bat zabaldu dute aparkaleku sistema berriaren erabiltzaile izan direnen artean, eta espero baino erantzun gehiago jaso dituzte. Adierazi dutenez, iritzi “interesgarriak” jaso dituzte, eta datorren urterako hobekuntzak planteratzerakoan kontuan izango dituzte.
Herritarren ekarpenak. Hala, galdetegiaren bitartez ondorioztatutako hainbat puntu nabarmendu nahi izan dituzte. Helburu nagusia udan aparkatzeko zegoen arazoagaz amaitzea zen, eta bide horretan, “argi” ikusi ahal izan dute gune berdean aparkatzeko tokia egon dela, eta herria ez dela kotxez saturatuta egon: “Jendeak oso positiboki baloratu du hori, eta kuantitatiboki alde handiarekin horixe izan da gehien jaso den iritzia”. Hala ere, “asko” aipatu da galdetegietan gune berdearen epealdia luzatzeko aukera izatea. Ildo beretik, egon da bigarren etxebizitza Lekeition dutenek gune berdean aparkatzeko aukera eskatu duenik ere.
Egoiliar eta udatiarrak ados egon dira, aldiz, CO2 isurketen murrizketagaz: “Herri barruan zirkulazioa gutxitu egin da, bizi kalitatea hobetu eta kutsadura gutxitu da”.
Bestalde, errotazio gehiago egotea zen sistemaren helburuetako bat, eta helburua lortu dute. Hala ere, gune gorriaren helburua komertzioetan erosketak egiteko erraztasunak ematea izan da, eta ordu erdiko denbora laburregi geratu dela jaso dute galdetegietan.
Bizikleta eta motorrentzako aparkaleku gehiago ipini dituzten arren, nahikoak ez direla izan ondorioztatu dute.
Udalak kontuan hartu ditu Lekeitio inguruko herrietako biztanleak ere, eta adierazi dutenaren arabera, galdetegiei begiratuta batzuen aldetik puntu horrekiko zalantza dagoela ikusi dute. Hala ere, orain arte udala argi mantendu da ideia horretan: “Inguruko herrietakoek Lekeition dituzte oinarrizko zerbitzu asko. Aparkatzea ez da eskubide bat, bai ordea, oinarrizko zerbitzuak bermatuta izatea”.
Gune urdinak ere aztertu ditu udalak. Santa Katalinako eta Arropaineko aparkalekuei dagokienez, tokiak soberan egon direla aipatu dute. Ispasterrerako norantzan, aldiz, aparkaleku inguruetan gaizki aparkatutako kotxe asko egon dira. Udalak hori erregulatzeko eskumenik ez duen arren, aurrera begira neurriak hartu beharko direla ohartarazi dute. Era berean, hainbat ekarpen jaso dituzte prezioen inguruan ere.
Azkenik, bizikleta eta motorrentzako aparkaleku gehiago ipini dituzten arren, nahikoak ez direla izan ondorioztatu dute: “Udan aparkaleku gehiago sortu dira saturazioa banatzeko. Oso positiboki baloratu da hau, baina gune batzuetan hobetzeko pausuak eman behar direla ere ikusi da, eskolapean, adibidez”.
Komertzioak eta tabernak. Bestalde, aparkaleku sistema diseinatzeko orduan bereziki hartu dituzte kontuan herriko denda, jatetxe, taberna, hotel nahiz bestelakoen iritziak. Udala horren jakitun, establezimendu bakoitzari galdetegia banatu diete eskuz: “Iritzi eta ekarpen asko eta oso desberdinak jaso ditugu. Guztiak ondo aztertu eta aurrerantzean eman beharreko pausuetan kontuan izangoditugu. Oraindik badago esparru honetan bide luzea egiteko”.