Emakumeen partaidetza igo da 16. Lekitto Bixirik herri krosean
Paule Garcia de Andoainek, emakumezkoetan, eta Mikel Goitisolok, gizonezkoetan, irabazi dute lasterketa gaur [azaroak 1]. 193 lagunek hartu dute parte.
Gaur [azaroak 1] Lekitto Bixirik herri krosa egin dute 16. aldiz. Antolatzaileek nabarmendu bezala, parte hartzaileen artean,inoiz baino gehiago izan dira emakumeak; 67k burutu dute lasterketa. Amandarri Triatloi Taldekoak pozik agertu dira zenbaki horren aurrean; hain zuzen ere, egun batzuk lehenago sare sozialetan emakumeen parte-hartzea, gutxienez, 50 korrikalarikoa izatea nahi zutela adierazi zuten.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Goizean goiz, txikitxoenen lasterketak hasi dira. Hiru adin kategoria desberdin egon dira, eta 80 bat umek parte hartu dute gaurkoan. 11:00etatik aurrera egin dute proba, eta 12:00etan, berriz, nagusien txanda izan da. Lasteketa hasi dutenen artean, 181ek lortu dute helmugara heltzea. Horietatik guztietatik lehena Mikel Goitisolo Uriarte fikarra izan da; izan ere, 18 minutu eta 6 segundo behar izan ditu 5.500 metroko ibilbidea bukatzeko. Bi segundora iritsi da Aner Larreategi Erkiaga lekeitiarra eta 10 segundo geroago Patrik Saitua Betanzos gautegiz-arteagarra.
Emakumezkoen kasuan lekeitiarrak nagusitu dira. Amandarri Triatloi Taldeko Paule Garcia de Andoain izan da garailea, 21 minutu eta 14 segundoko demborarekin, eta lau segundora heldu da Garraitz Kirol Taldeko Zenabua Eiguren Altzibar. Hirugarren egin du Maier Miota Muniain durangarrak, 21,54ko markarekin.
Goiza borobildu du bai eguzkiak, bai antolatzaileek jarritako txosnak ere. Jan eta edanaz gozatu ahal izan dute lasterketa egin dutenek nahiz korrikalariak txalotzera bertartu diren guztiek.Â