Berandu bada ere, maila handiko finala jokatu dute
Txaparro-Garalde bikoteak 25 eta 13 irabazi dio Olaitu-Pepe bikoteari, Ondarroako III. Pala Txapelketaren lehen mailako finalean.
Ekainean hasi zuten Ondarroako III. Pala Txapelketa, baina domekan (azaroak 3) eman zioten amaiera, lehen mailako finalagaz. Maila handiko finala izan zen Txaparro-Garalde eta Olaitu-Pepe bikoteak bildu zituena. Pilotariek jokaldi “ikusgarriak” egin zituztela eta kantxan dena eman zutela azaldu dute antolatzaileek. Lehia gogorraren ostean, Txaparrok eta Garaldek beren legea ezarri zuten: 25 eta 13 gailendu ziren.
Lehen mailako finala “oso berandu” jokatu dute aurten. Izan ere, ekainean, txapelketari ekin zietenean, lehen eta bigarren mailetako finalak herriko jaien egitarau barruan egitea zuten aurreikusita. Bigarren mailakoa abuztuaren 12an egin zuten, baina, lehen mailako finala jokatzeko unea iristean, euriteek galarazi egin zuten. Bizpahiru egun beranduago, gauza berbera geratu zen; irailean beste saiakera bat egin zuten, eta beste horrenbeste. Azkenean, urrira aldatu zuten finala arduradunek, baina “agenda eta lesio kontuak tarteko”, azkenean joan den domekan lehiatu zuten.
Beste urte batez Pala Txapelketak egundoko jarraipena eduki du herritarren artean: “Finalean, azken orduan aurkeztuta ere, pilotalekua lepo bete zen”. Edozelan ere, aurten emakumezkoen presentzia oso murritza izan da. Antolakuntzak, beraz, badu zer landu. Era berean, gogoratu dute herrian palarekiko zaletasun “itzela” dagoela, baina frontoi bakarra estalia ez izatea “atzerapausoa” dela azpimarratu dute.