Saharar kanpamenduetara eramateko material bilketa martxan jarri du Yaalah Elkarteak
Materiala uzteko azkenengo eguna azaroaren 15a [barikua] izango da, Kurike eta Idiakez dendetan, eta herriko ikastetxeetan.
Azaroaren 29an [barikua] abiatuko dira Saharar kanpamenduetara Yaalah Elkarteko kideak, eta oraingoan, eskola materialaren bilketa jarri dute martxan, Ondarroatik kanpamenduetara eramateko. Azaroaren 15a [barikua] izango da materiala uzteko azkenengo eguna, Kurike eta Idiakez herriko dendetan, eta baita, herriko ikastetxeetan ere. “Arkatzak, borragomak, margoak, zorrozkailuak, erregelak, koadernoak, boligrafoak, estutxeak, motxilak…” bezalako materiala da bilduko dutena.
2018. urtean Yaalah Elkarteak Bir Ganduz proiektua jarri zuen martxan, saharar errefuxiatuen kanpamenduetan. “Saharar herriarekin lotura izatea, elkartasuna adieraztea eta beharrizanak arintzeko aletxoa jartzea” izan dira helburuetako batzuk. Aurten, 2018. urtean hasitako proiektuari jarraipena emateko asmoagaz, azaroaren 29an abiatuko dira Bir Ganduz kanpalekura, eta bertan egongo dira abenduaren 7ra [zapatua] arte. “Hainbat kide eta harrera familia joango gara Algerian, Tindufen, kokatuta dagoen Bir ganduz kanpalekura. Bertan egingo ditugun lanez gain, hegazkin bidaia aprobetxatuta, hemendik eraman genezaken guztia lortzeko, eskola material bilketa jarri dugu martxan datozen asteetarako, kanpamenduetako ikastetxeetara ahal den material gehien eramateko. Honekin, herritarrei bakoitzak ahal duen ekarpena egiteko deia luzatu nahi diegu”, adierazi dute Yaalah elkarteko kideek.