Ziortza-Bolibarko Udalak auzo batzarrak egingo ditu asteburuan
Hiru egunetan egingo dituzte batzarrak: barikuan, zapatuan eta domekan [azaroak 8, 9 eta 10]. Udal ordezkariek batzarretara joatearen garrantzia azpimarratu dute.
Ziortza-Bolibarko Udalak herritarren ahotsak entzun nahi ditu, eta horretarako, auzo batzarrak egingo dituzte. Hiru izango dira guztira egingo dituzten batzarrak. Barikuan [azaroak 8] elizaldearen eta Goierriaren txanda izango da, 18:00etan, udaletxean; zapatuan [azaroak 9], Iruzubieta, Arta eta Zabale auzoen txanda izango da, 11:00etan, Iruzubietako Elkartean; eta, domekan [azaroak 10], Zeinke-Ziarregin egingo dute batzarra, 11:00etan, Ziarregiko elkartean.
Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak adierazi duenez, alde batetik, iaz irtendako proiektuen egoera zein den azalduko dute: “Urte batean zer nolako garapena izan duten azalduko dugu”. Besteren artean, Zabaleko bidea, Zeinkeko saneamendua eta Eustorma izango dituzte hizpide.
Era berean, herritarren eskakizunak ere entzun nahi dituzte: “Auzotarren eskaerak eta balorazioak jaso nahi ditugu, euren ekarpenak jasotzea da batzarren helburu nagusia”. Parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Larizek: “Garrantzitsua da parte hartzea, ze, guretzako erreferentzia garrantzitsua da batzar horietan esaten dena, gero horren gainean lan egiteko”.
Jakinarazi dutenez, batzarren bigarren itzulia ere egingo dute abenduan, aurrekontuen inguruko planteamendua egin eta lehentasunak denen artean erabakitzeko; data aurrerago zehaztuko dute.