Etxeko autodiagnostiko energetikoa egiteko kanpaina heldu da Mutrikura
'Energia Argitu Kit' kanpaina Mutrikun lurreratuko da, eta azaroaren 12an [martitzena] egingo dute azalpen tailerra, 18:30ean, Zabiel Kultur Etxean.
Energia Argitu Kit norberak bere etxeko auto diagnostiko energetikoa egiteko aukera ematenduen kanpaina da, Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak abiarazi duena. Helburua, etxean energia eraginkortasuna hobetu eta faktura elektrikoa murriztea da, eta honetarako, herritarrei, beharrezko tresnak ematea.
Kanpaina hiru pausotan burutuko da. Lehenengo, azalpen tailerra eskainiko dute udalerrian, azaroaren 12an [martitzena], 18:30ean, Zabiel Kultur Etxean. Parte hartu nahi duten herritarrek azaroaren 8a [barikua] baino lehen eman beharko dute izena; energiabulegoa@gmail.com helbidera mezua bidalita edo 605 75 76 86 telefono zenbakira deituta. Ikastaroan, etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azalduko da.
Interesdunei Energia Argitu Kit maleta banatuko zaie, bakoitzak bere neurketak egin eta galerak non dituen ikusteko. Autodiagnostikoa egin ondoren, lortutako emaitzen inguruko zalantzak aditu batekin argitzeko aukera izango dute, galerak nola ekidin jakiteko.