Bizkaiko Hotsak organo jaialdia Markina-Xemeinera helduko da zapatuan
Ana Belen Garciak eta Thierre Biscaryk eskainiko dute kontzertua, 19:30ean, Xemeingo elizan. Sarrera doan izango da.
Herriko organoa entzuteko hurrengo aukera zapatuan [azaroak 9] izango dute markina-xemeindarrek. XIX. Bizkaiko Hotsak jaialdia helduko da Xemeingo Elizara, 19:30ean Ana Belen Garciak eta Thierre Biscaryk emango duten kontzertuagaz. Sarrera doan izango da.
Hala, zinema musikatuagaz gozatzeko aukera egongo da, izan ere, El mayorazgo de Basterretxe filmaren akonpainamendu musikala eskainiko dute. Maila handiko kontzertua izango da eskaniko dutena. Garcia, besteren artean, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organista titularra eta Donostiako Musika Hamabostaldiko Nazioarteko Organo Jaialdiko zuzendaria da. Biscary ere, ibilbide luzeko musikaria da, eta hainbat musika taldetan aritu da, besteak beste: Bost Gehio, Bolbora, Hegalka, Triki traka, Kokin eta Kalakan.
Xemeingo kontzertua Markina-Xemeingo Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute, eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzari esker, filmaren proiekzioa ere ikusi ahal izango da. Bizkaiko Hotsak musika jaialdiaren hurrengo emanaldia azaroaren 15ean izango da, 19:00etan, Plentzian; Gerardo Rifon eta Lucia Gomez Aizpurua musikariek eskainiko dute kontzertua.