Ene Kantak ikusteko aukera egongo da Markina-Xemeinen
Azaroaren 16an izango da emanaldia. Sarrerak gaurtik [azaroak 7] aurrera eros daitezke.
Ume eta gurasoek dantzan egin eta abesteko aukera edukiko dute azaroaren 16an Markina-Xemeinen. Izan ere, Markina-Xemeingo Bateratze guraso elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatuta, Ene Kantak taldearen Dantzan ikuskizun bereziagaz gozatzeko aukera egongo da.
17:30etik aurrera, beraz, Ene Kantakeko abesti dantzagarri eta ospetsuenak taularatuko dituzte antzezleek, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Hala, sarrerak erosteko aukera dago gaurtik [azaroak 7] aurrera, Markina-Xemeingo udaletxeko kutxazainean, 5 euroren truke. Antolatzaileek jakinarazi dute pertsona bakoitzak gehienez ere zortzi sarrera eskuratu ahal izango dituela.
Umeentzako ordubeteko saioa da Dantzan ikuskizuna: “Ordubeteko ibilbide erakargarrian, lehen gizakiak gure garaiko hainbat asmakizunekin harritu egingo dira, eta Asto eta Sator euren galderak erantzuteko prest egongo dira”. Ikuskizunaren bitartez umeen “ikaskuntza eta sormena esnatu” nahi dituztela azaldu dute Ene Kantakeko ordezkariek: “Taldelana sustatu, gure inguruan ditugun baliabidean erabiliz aurrera egin dezakegula erakutsi, eta genero berdintasunaren alde aurrerapausoak eman nahi ditugu”.