Ziortza-Bolibarko bolatokia, Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo txapelketarako prest
Zapatuan [azaroak 9] laugarren kanporaketa jokatuko dute 75 bolari inguruk, 17:00etan, Iruzubietan.
Euskal Herriko bolariek eskualdean dute hurrengo hitzordua. Ziortza-Bolibarko Iruzubieta auzoan elkartuko dira zapatuan [azaroak 9], 17:00etatik aurrera, Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa lehiatzeko; laugarren jardunaldia izango da zapatukoa.
Dena prest dute Ziortza-Bolibarko Iruzubieta auzoan, eta pozik agertu dira bolariak Ziortza-Bolibarko Udalak egin duen lanagaz: “Bolarion eskaera onartu zuen udalak, eta aterpe ederra egin diote. Azken ukituak eman dizkiote aste honetan, eta dena prest egongo da zapaturako”. Bihar [azaroak 8] edukiko dute bolariek bertan frogako jaurtialdiak egiteko aukera, 22:00etatik aurrera.
Gaur gaurkoz, gainera, bertoko bat doa txapelketako buru: Oier Azumendi ziortza-bolibartarra. Azumendik zazpi bola sartu, eta guztira hamalu txirlo bota ditu aurreko kanporaketetan. Hala, haren atzetik doa Asier Azkarate elgetarra, sei bola sartuta eta hamabi txirlo botata. Hirugarren postuan, aldiz, Ganix Rodriguez Asola Berri taldekoa dago, zazpi bola sartu eta hamaika txirlo botata.
Emakumeetan U.D.A. taldeko Isana Gorosabel da oraingoz txapelketako buru dena, bost bola sartuta eta hamar txirlo botata. Bigarren postuan, aldiz, San Migel taldeko Aitziber Olaizola dago, lau bola sartuta eta hamar txirlo botata. Hirugarren postua Asola Berri taldeko Enara Montielek dauka, bost bola sartuta eta bederatzi txirlo botata.
Bikoteka, aldiz, Markina-Xemeingo 3 Txirlo taldea doa denen aurretik, Iker Arizmendiarrieta eta Oier Azumendi bolariei esker. Atzetik Lastur taldea doa (Joseba Lazkano eta Roman Arrizabalaga), eta hirugarren, aldiz, Elgeta taldea (Asier Azkarate eta Sebas Aranzabal).
Finala, Markina-Xemeinen. Zapatuko jardunaldiaren ostean, azaroaren 16an Aramaioko Untzillan jokatuko dute bosgarren jardunaldia, 17:00etan. Horren ostean, finalaren txanda izango da: azaroaren 23an, 12:00etan jokatuko dute finala, Markina-Xemeinen.