Adimen artifizial sortzailean sakondu dute Global Innovation Day jardunaldian
Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, eta Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroa (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa (BCAM) lankidetzan, Global Innovation Day jardunaldiaren 13. ekitaldia egin zuten herenegun arratsaldean [azaroak 6]. Arduradunen hitzetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abangoardiako berrikuntza zabaltzeko “erreferentziazko topaketa gisa sendotu” da jada jardunaldia. Hain zuzen ere, hitzordu nagusi horrekin abiatu zuten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 24. Astea. Besteak beste, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburua, Manuel Salaverria Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburua, eta Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia elkartu ziren, baita unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 125 ikasle eta adimen artifizialean oinarritutako hogei bat proiektu berritzaileren ordezkari ere.
Adimen artifizialean eta adimen artifizial sortzailean adituak direnen topaketa horretan, euskal enpresek martxan jarritako sei kasu praktiko aurkeztu zituzten, adimen artifizialari esker egin dituzten aurrerapauso garrantzitsuen erakusle. “13. ekitaldi honetan, arreta-gune nagusia adimen artifiziala izan da, bereziki adimen artifizial sortzailea, Euskadiko sektore eta tamaina guztietako enpresetan eragin handiko garapenak bultzatu dituen teknologia disruptiboa. Sei kasu praktikoen aurkezpenean agerian geratu da adimen artifizialak gero eta garrantzi gehiago duela, Euskadiko enpresa- eta gizarte-ehunaren motor eraldatzaile gero eta nabarmenagoa dela, eta gaitasun handia duela izaera eta tamaina oso desberdineko enpresen garapen berritzailea bultzatzeko”.
Nicola Molinaro eta Roman Orus Ikerbasqueko ikerkuntzako irakasleek lengoaia-ereduek daukaten garrantzia azpimarratu zuten, eta adimen artifizialak diziplinen artean lankidetzarako zabaldutako bideak hizpide izan zituzten. Salaverriak adierazi bezala, teknologia hori zehar-lerro bat da hainbat esparrutan, eta gizateriaren bilakaera “modu sakonean aldatzera” iritsi daiteke eta “berrikuntza prozesu askoren azeleratzailea” izan daiteke. Era berean, bere erabilerak sortzen dituen auzi etikoak eta arautzeko premia aipatu zituen. Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzarentzat berrikuntza faktore giltzarria dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko, eta bi erronka nagusi zehaztu zituen: trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala.
Bestalde, Iñaki Suarez Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) erakundeko teknologia zuzendariak adimen artifizialak duen ahalmena nabarmendu zuen: “Hurrengo industria-iraultzaren motorra da, eta aukera mugagabez betetako etorkizunari ateak zabaltzen dizkion giltzarria”. Hark emandako datuen arabera, enpresen %12,2k txertatzen du AA beren operazioetan, 400 kasutan erabiltzen dute teknologia hori eta 7.400 profesionalek dihardutela esparru horretan. “Adimen artifizialaren xedea da giza gaitasunak indartzea; kopilotu bat da, giza jakintzaz elikatzen dena giza talentua zabaltzeko”, adierazi zuen Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak.
Kasu praktikoak. Amorebieta-Etxanoko Ariadna Grid ETE banaketa elektrikorako soluzioen garapenean espezializatutako enpresaren sortzaileetako bat den Haritz Zubiak euren kasua azaldu zuen. Manipulatutako kontagailuak detektatzeko sistema bat sortu dute, eta horrela, banatzaileek galera energetikoak murriztea eta fakturazioa zehaztasun handiagoz egin ahal izatea lortu dute.
Eroski Taldeko Online Negozioko zuzendari Mari Mar Escrigek, berriz, adimen artifizial sortzailean oinarrituta garatu duten online supermerkaturako laguntzaile birtuala aurkeztu zuen. Horren bidez, Elorrion egoitza duen elikagaien banaketa-taldeak bezeroarekiko arreta-zerbitzua hobetzea lortu du, “batez ere gaueko ordutegian, telefono bidezko arreta eskura ez dagoenean”.
Osasun arloan ezartzeko bi adibide ere izan zituzten topaketan; bi ospitaleren kasu praktikoak bertatik bertara ezagutu zituzten parte hartzaileek. Alde batetik, Aita Menni Ospitalearen zuzendari Mikel Tellaechek azaldu zuen adimen artifizialean oinarritutako bideozaintza-sistema daukatela, eta horrekin pazienteen arreta hobetzea lortu dutela, “zaintza prozesu proaktibo bihurtuta”. Beste aldea batetik, Santa Marina Ospitaleak (Osakidetza), berriz, Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuarekin elkarlanean, adimen artifizialeko Neuroflash tresna ezarri du, baimen informatuko agiriak berridazteko eta irakurgarriago egiteko.
Tekniker zentro teknologikoaren kasu praktikoaren berri eman zuen Aitor Gutierrez Sistema Autonomo Adimendunen unitateko ikertzaileak. Adimen artifizialean oinarritutako bideo-analitika sistema bat ezarrita, “laneko segurtasuna hobetzea” lortu dute: “Sistema horrek denbora berean monitorizatzen du lan-ingurunea, eta sor daitezkeen arrisku-egoerak detektatzen ditu”.
Halaber, euskarazko, galegozko edo katalanezko ahotsak denbora berean itzultzeko eta transkribatzeko aukera ematen duen lehen plataforma ere aurkeztu zuen TREBE Language Technologies startup donostiarraren sortzaile den Xabier Garcia de Kortazarrek.