Errebala Txikiñe Gaztelekua itxita egongo da bi asteburutan, jarrera desegokiengatik
Erabiltzaile batzuen eta erabiltzaileak izan gabe bertara gerturatzen direnen jarrera desegokia ikusita, bihar [azaroak 9], etzi [azaroak 10], eta azaroaren 16an [zapatua] eta 17an [domeka] itxita egongo da Errebala Txikiñe Gaztelekua.
Ikasturte berriarekin batera zabaldu zen Errebala Txikiñe Gaztelekua, duela hilabete eta erdi, gutxi gorabehera, eta orduztik, jarrera desegokiak nagusitu dira bertan, zapatu eta domeketan. “Erabiltzaile batzuk eta erabiltzaileak izan gabe bertara gerturatzen direnak dira jarrera desegoki horien erantzuleak eta udaletik behartuta ikusi gara erabakiak hartzera. Gainera, Udaltzainak ere bertaratu behar izan ziren iragan asteburuan”, aipatu dute Ondarroako Udaletik.
Gaztelekua gazteen aisialdirako espazioa dela azaldu du udalak, bertaratzen diren erabiltzaile guztiak “eroso eta seguru” sentitzeko espazioa, hain zuzen. Azkenaldian gailendu diren jarrera desegokiak direla eta, ezin izan da bermatu espazio “eroso eta segurua” izatea, beraz, bi asteburuz Gaztelekua ixteko erabakia hartu du udalak. “Ahalegindu gara jarrera desegokiak dituztenekin horiek konpontzen, bai Gaztelekuko hezitzaileen bidez eta baita udaletik ere, baina ez dugu lortu. Egoera jasangaitza da Gaztelekuan, eta horregatik hartu dugu erabakia. Bihar [azaroak 9] eta etzi [azaroak 10] eta azaroaren 16an eta 17an itxita egongo da. Erabaki gaitza da, baina hartu ezean arazoa handitzen joateko arriskua ikusi dugu”, nabarmendu du Irina Alkorta Bedialauneta hezkuntza batzordeburuak. Horrez gain, lehenago ere, horrelakoak gertatu izan direla azpimarratu dute udaletik, “eta zoritxarrez berriro errepikatu da aurten”.
Gaztelekuan ez ezik, Txomin Agirre udal liburutegian ere “zenbait gorabehera” gertatu direla azaldu dute, eta honen aurrean, udalak esku hartu behar izan duela. “Gaiari irtenbidea emateko ahaleginean, herriko ikastetxeekin, guraso elkarteekin, gazte taldeekin eta kirol eta kultur taldeekin lanketa egingo du udalak, gazteak dabiltzan eremuak direla ikusirik, jarrera txar hauek errepikatu ez daitezen”.