ROALeko langileek lau orduko lanuzteak egingo dituzte
Azaroaren 11n, 12an eta 13an egingo dituzte eta Cikautxori erantzukizunak hartzea exijitu diote.
ROALeko langileak borrokan jarraitzen dute. Elkarretaratzeak egin ostean, haiek mobilizazioak beste maila batera eraman dituzte eta lau orduko lanuzteak egingo dituzte, “enpresan bizi dugun egoera salatu eta enpresari gure soldatak berehala ordaindu ditzan exijitzeko”. Hain zuzen ere, azaroaren 11n, 12an eta 13an egingo dituzte lanuzteak, 05:40etatik 09:40ra. Tarte horretan enpresako atarian elkartuko dira.
Azaldu dutenez, hitzarmenean adostutako 2024ko igoera aplikatu gabe eta nomina bi kobratu gabe jarraitzen dute oraindik, “enpresa jabeen partetik azalpenik entzun gabe eta gure lanpostuen etorkizuna zein den jakin gabe”. Egoera “jasanezina” dela adierazi dute, eta horregatik, “nekatuta eta nazkatuta” daudela diote: “Enpresaren errentagarritasuna ezin da langileoi lapurtuz mantendu”.
Langileen eskubideak salgai ez daudela esan dute eta horregatik, borrokan urrats bat gehiago emateko erabakia hartu dute. Horrez gain, sektoreko beste enpresetako langileak “egoera berdinean aurkitzeko arriskuan” daudela diote, kimiketako enpresa gehienek Cikautxorentzat egin baitute lan. Horregatik, Cikautxori dagokion “erantzukizuna” hartzea exijitzen diote, “ROALi gure soldatak ordaindu eta gure lanpostuak berma ditzan exijitzen diogun beste”.
Dei egiten diete gainontzeko kimiketako enpresetako langileei antolatu eta haien borrokara batu daitezen, beste herritar orori lez: “Antolatuta eta borrokatuta, lortuko dugu!”.