Ispastertarrek ingurumenaren alde lan egin dute
Zapatuan [azaroak 9] eta domekan [azaroak 10] ekintzak egin dituzte herrian.
Ispasterko herriak beste behin ingurumenaren alde duen bere apustua erakutsi du. Asteburuan herritarrek ingurumenaren alde egin baitute lan. Zapatuan [azaroak 9] haur, gazte zein nagusiek herriko baso eta bideetan zegoen zaborra batu zuten. Herritarrak eredu izan nahi izan dira, batez ere herriko txikienentzat. “Eman diezaiegun merezi duten eredua mundu hau jaraunspen bezala hartuko dutenei”, esan dute. Alde horretatik, Ispasterko Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiote Bardintzo lagun taldearen ekintza antolatzeagatik eta Gurutze Gorriari eskainitako laguntzagatik.
Hain zuzen ere, domekan [azaroak 10] herriko txikienen unea izan zen. Herriz Herri ekimenaren bitartez, Haurkuna haurrentzako iraunkortasunerako tailerrak egin zituzten eta asko izan ziren parte hartu zuten umeak. Jarduera ludikoen bidez, garapen iraunkartarekin eta 2030 Agendagaz lotutako balioak landu zituzten: energia eskuragarria eta ez kutsagarria, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, urpeko eta ekosistemen bizitza, besteak beste.