Udaletako ordezkariak eta eragile sozialak Hobekiren jardunaldian elkartu dira
Joan den barikuan [azaroak 8] Lea-Artibai Mankomunitateko areto nagusia bete zuten.
Hitzaldia.Hobeki elkartea Hobeki Elkarteak antolatutako jardunaldian parte hartu zuten joan den barikuan [azaroak 8] Lea-Artibaiko udaletako ordezkariek eta eragile sozialek. Lea-Artibai Mankomunitateko egoitzako aretoan elkartu ziren hondakinen gutxitzeari eta berrerabiltzeari buruz hitz egitera.
Hizlariek hondakinen kudeaketa eta zero hondakinen arteko aldeak nabarmendu zituzten: “Hondakinen kudeaketaren helburua hondakinak baliabide bihurtzea da; aldiz, zero hondakinarena, baliabideak hondakin ez bihurtzea”. Horretarako gakoak eman zituzten: hondakinak murriztu, berrerabili eta konpontzea.
Azaldu zutenez, arauak zehaztu ditu Europak, eta neurriak hartuko ditu. Horien aurrean, hainbat ekimen jarri dira martxan, besteak beste, Katalunia, Tübingen (Alemania), Viena (Austria) eta Bruselan (Belgika), baita Euskal Herrian bertan ere, esate baterako, Hernanin. Ekintza horiek ezagutzeko aukera izan zuten eskualdeko ordezkariek.