'Go!azen'-en 11. denboraldiko lehenengo kapitulua estreinakoz ikusi ahalko da eskualdean
Asteburuan Gizaburuagan, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mutrikun, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren 'Go!azen'-en denboraldi berriko lehenengo kapitulua ikusi ahalko da, doan. Lekeition eta Gizaburuagan izan ezik, gainontzeko herrietan gonbidapenak hartu behar dira; Ondarroan ordu laurdenean agortu dira.
2008an lehenengoz Go!azen filma aurkeztu zutenetik, Euskal Herriko txoko guztietako milaka ume eta gaztetxok ikusi dituzte Basakabiko gorabeherak. 11. denboraldia azaroaren 22an estreinatuko dute ETB1en, baina, aurretik ikusteko aukera edukiko dute Lea-Artibai eta Mutrikuko biztanleek. Azaroaren 15ean, 16an eta 17an, Gizaburuagan, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Ondarroan aurrestreinaldiagaz gozateko aukera egongo da; denetan doan izango dira gonbidapenak.
Lehenak ikusten ondarrutarrak izango dira. Barikuan [azaroak 15] ikusi ahalko dute lehenengo kapitulua, Kofradia Zaharrean. Bi emanaldi eskainiko dituzte, 18:00etan eta 19:30ean. Gonbidapenak ordu laurdenean agortu dira gaur [azaroak 12].
Mutrikun ere, telesailaren bi pase egingo dituzte, baina, zapatuan [azaroak 16]. Lehenengo emanaldia 17:00etan izango da, eta bigarrena, 18:30ean. Gonbidapenak eskuragarri daude mutriku.eus web orrian edo turismo bulegoan.
Gizaburuagan, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ziortza-Bolibarren, aldiz, domekan [azaroak 17] izango dute telesaila ikusteko aukera. Markina-Xemeinen bi pase eskainiko dituzte, 16:30ean eta 18:00etan, kultur aretoan; gonbidapenak eskuragarri daude udaletxeko kutxazainean (pertsona bakoitzak gehienez sei gonbidapen hartu ditzake). Lekeition eta Gizaburuagan, aldiz, 18:00etan ikusi ahalko dute lehenengo kapitulua, kultur etxeko Azkue aretoan eta udaletxeko aretoan, hurrenez hurren. Ziortza-Bolibarren, ostera, 17:30ean eskainiko dute telesaila, udaletxeko aretoan. Ez Lekeition, ez Gizaburuagan eta ezta Ziortza-Bolibarren ere, ez da sarrerarik behar.