Markina-Xemein eta Berriatua, Bizkaiko Herriartekoan nagusi
Bigarren mailako nagusiek eta kadetek jokatuko dituzte hurrengo finalak, asteburuan.
Iragan asteburuan, Bizkaiko Herriarteko Txapelketa jokatu zuten. Emakumezkoen elite mailan, Markina-Xemein A eta Berriatua B taldeen artean lehiatu zen finala. Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrek Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea berriatuarrak eduki zituzten aurrez aurre. Mugartegik eta Lejardik garaipen nahikoa erosoa poltsikoratu ahal izan zuten, 30 eta 15eko markagailuagaz. Partiduaren lehen erdia orekatua eta borrokatua izan zen, baina bigarrenean markina-xemeindarrek hauspotu egin zuten norgehiagokaren maila eta, azkenean, garaipena modu sendoan eskuratu zuten.
Gizonezkoen gazte mailaren finalean, Berriatua A eta Markina-Xemein A taldeek neurtu zituzten indarrak. Berriatuarrek Denis Alberdi eta Aratz Goikoetxea kantxaratu zituzten; markina-xemeindarrek, berriz, Txanton Uriarte eta Peru Landaluze. Berriatua Ak erraz hartu zuen menpean Markina-Xemein A: 30 eta 20ko markagailuagaz. Azken tantoetan bistaratu zuten bereziki beraien nagusitasuna berriatuarrek; Alberdik asmatu zuen tantoak borobiltzen, eta Goikoetxeak atzealdeko koadroak maisuki dominatu zituen.
Gizonezkoen elite kategoria Markina-Xemein B eta Markina-Xemein C taldeen artean erabai zen. Lehendabizikoek Jokin Arbe eta Gorka Mugartegi Atain kantxaratu zituzten; bigarrenek, aldiz, Aaron Gonzalez de Matauko eta Danel Mandiola. Partidu ikusgarria jokatu ondoren, 30 eta 19ko markagailuagaz gailendu ziren Arbe eta Atain. Lehen erdira arte, parekotasuna gailendu zen. Gerora irabazle ziango zirenek, baina, material aldaketa egin, eta pilota mantsoagoa atera zuten. Material motel harekin, indarrak protagonismo berezia hartu zuen partiduan, eta egoera hartan Arbe eta Atain nahieran aritu ziren. Atainek Mandiola atzealdean dominatu egin zuen, eta Arbek, bere aldetik, tantoak eraginkortasunez amaitu zituen.
Bigarren mailako nagusiek eta kadetek jokatuko dituzte hurrengo finalak; datorren asteburuan jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta hurrengoan finalak.