"360 graduko Euskal Herria" bistaratzeko unea
Gure Esku-k Bagara izeneko 12 orduko bideo maratoia gizarteratuko du zapatuan (azaroak 16). Eragileek ondutako ikus-entzunezkoak Euskal Herriaren "aniztasuna" bistaratuko ditu. Ondarroa, Lekeitio eta Etxebarriko Bagara Guneetan taldean jarraitu ahalko dute maratoia herritarrek.
Ekainean aurkeztu zuen Gure Esku-k Herri Libre Bat kanpainaren barruan testuinguratuta dagoen Bagara ikus-entzunezko proiektua. “Arriskuz eta erronkaz” beteriko aldia zela nabarmendu zuen orduan Josu Etxaburu bozeramaileak. Aipatu etapa haren aurrean, Euskal Herria “herri anitza, aberatsa eta aukeraz beterikoa” zela azpimarratu zuen ondarrutarrak. Iritsi da, bada, aniztasun hori guztia munduratzeko unea. Azken hilabeteotan, euskal herritarrei deialdia luzatu diete, tokian tokiko “berezitasunak, errealitateak edota ilusioak” bideoetan biltzeko, eta denen artean Euskal Herri anitzaren erretratua litzatekeen 12 orduko bideo maratoia egiteko. Maratoi hori Gure Esku-ren Youtube kanalean ikusi jarraitu da zuzenean, baita Hamaika Telebistaren bidez ere.
Josu Etxaburu: “Arriskuz eta erronkaz beteriko aldi honetan, herri anitza, aberatsa eta aukeraz beterikoa garela erakutsi behar dugu”
Bideoen ardatz nagusiak, Gure Esku-tik azaldu dutenez, kultura, hizkuntza zein burujabetza dira, “herri modura koxka bat gorago egiteko”. Zapatuan (azaroak 16) gizarteratuko dute ikus-entzunezko ekarpen kate hori, goizetik gauera bitartean. Herritarrek elkarlanean grabatutako edukia zuzen-zuzenean ikusteko aukera edukiko dute, 10:00etan hasita eta 22:00ak arte. Aurreratu dute ekimenean zazpi lurraldeetako herritarren ekarpenak jaso dituztela, “360 graduko Euskal Herria” bistaratzen dutenak. Era berean, Gure Esku-tik iragarri dutenaren arabera, zapaturako aurrez aurreko egitaraua ere atondu dute, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dutena.
Ikuskizun presentzialak.
10:00ak eta 12:00ak bitarte, zuzeneko emisioari ekingo diote. Jarraian, lehendabiziko jarduera presentzialaz gozatu ahalko dute Bilboko Azkuna zentrora bertaratzen direnek: Bagara ikuskizunaz. Argitu dute “adierazpen garrantzitsua” izango dela: “Geure herriarentzat etorkizun hobe batekin amesten dugu eta posible ikusten dugu, orain har ditzakegun erabakietan baitago geroaren gakoa; horregatik, une oso egokia da mahai gainean jartzeko prestatu dugun herri adierazpena“. Ordubeteko saioa izango da, eta 13:30ean bideo emanaldiak jarraituko du.
Ordu horretan, hain zuzen, Gasteiz izango da epizentro: Auzolana pilotalekuak bigarren jarduera presentziala hartuko du, Gu, Agustina! izenekoa. Ereintza Dantza Taldearen koreografiek eta Maddalen Arzallusen bertsoek Agustina Otaola raketistaren biziza taularatuko dute. Ondoren, bideoen segidak aurrera egingo du. 18:00etatik 19:30era artean, Orreagatik Iragan Hurbilera Segurako Historia Oroituz elkartearen herri antzerkia hartuko du Nafarroako Antzerki Eskolak. Bideo maratoiak bere amaiera harrapatu orduko, Donostian kokatutako Intxaurrondo Kultur Etxean Iratzar erromeriak eta lagunek musikaz borobilduko dute gaualdia.
Ondarroan, Lekeition eta Etxebarrian, maratoiaz taldean gozatzeko aukera egongo da. Bagara Lagun diren tokietan
Eskualdeko hainbat tokitan, Bagara Lagun izeneko eremuak eratu dituzte, ikus-entzunezko maratoia zuzenean eta taldean jarraitze aldera: Ondarroako Kuriken, Lekeitioko Galarrenan eta Etxebarriko Leaktibai abenturan nahiz Antsotegi hotel eta jatetxean. Maratoi handiaren atarian, Gure Esku-k han-hemengo herri eragileen bideo txatalak aurreratu ditu bere sare sozialetan, besteak beste, Ondarroakoa.