Abeltzaintza izango dute hizpide Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Endika Landa Goia abeltzainak gidatuko du asteleheneko [azaroak 18] Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatutako hitzaldia.
Lehen sektorean jarriko dute begirada Zientziaren Giltzak Elkarteak astelehenerako [azaroak 18] antolatu duen hitzaldian, zehazki, gaur egungo abeltzaintzaren inguruan arituko dira. Endika Landa Goia abeltzainak gidatuko du ¿Cómo se produce la leche de vaca? Relevo generacional hacia el Baserri 4.0 hitzaldia, eta historia pertsonaletatik abiatuta, sektoreari emandako bira eta ekarritako freskotasuna mahaigaineratuko ditu: “Bizitza aurrera ateratzeko orduan, sektore zaila da, eta gainera, belaunaldi berrien erreleborik gabekoa. Beraz, anaiarekin batera, familiako ustiategia hartzeko hautua egin genuen. Lan eta ilusio handiagaz, eta behiekiko dugun pasioa kontuan hartuta, 360 graduko bira eman diogu ustiategiari, modernizazioa, jasangarritasuna eta animalien ongizatea helburu izanik”.
Landak Armoki ganadutegiaren egunerokotasuna erakutsiko du hitzaldian: “Gaur egun gure baserrien errealitatea asko aldatu da, eta gurean, behiak tokiko bazkaz elikatzen dira. Horrez gain, jezteko robot bat erabiltzen dugu, eta abeltzaina animalien monitorizazio digitalaz baliatzen da haien osasuna ahalik eta zehatzen zaintzeko. Armoki ganadutegiko egun bat islatzen saiatuko naiz, egun batez, publikoa ere, abeltzain izan dadin”.
Horrez gain, Euskal Herrian behi esnea nola eta non ekoizten den azalduko du Landak, eta landa eremuan honek duen inplikazioa. Gainera, esnegintza sektorearen egoera eta Kaiku SCopp bidezko merkaturatzeari buruz ere ariko da. “Era beran, sektorearen iraunkortasunari buruz dudan ikuspegia ere partekatzen saiatuko naiz, hiru osagai kontuan hartuta; ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasuna. Bestalde, klima aldaketak nola eragiten digun eta gure aletxoa emateko zertan gabiltzan ere azalduko dugu”.
Endika Landa Goia Lukianon (Araba) jaio zen 1990. urtean, eta txikitatik egon da familiaren ustiategiko esnetarako behiekin kontaktuan. Izan ere, Nekazal eremuarekin izan duen harreman estuaren ondorioz, Nekazaritza Ingeniaritza ikasketak burutu zituen. 2017tik familiaren ustiategian dabil lanean, eta 2021an Armoki Kooperatiba Elkartea sortu zuten, anaia, aita eta osabagaz batera. 2024tik Kaiku Kooperatibako kontseilu errektoreko kidea da Landa.